euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar abiatuko da La Platako Euzko Etxea-ko trinketea, ‘Aaron Sehter’ pilota txapelketaren I. zatia

2012/05/31

La Platako Euzko Etxea-ko trinketea (argazkiaEE)
La Platako Euzko Etxea-ko trinketea (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Bihar ostirala hasiko da La Plata hirian larruzko pala modalitateko ‘Aaron Sehter’ pilota txapelketa. Buenos Aires probintziako Pilota Federazioak –FPPBA- eta Argentinako Pilota Federazioak -CAP- antolaturik, lehiaketak nazio osoko pilotari onenak bilduko ditu eta entrenatzeko aukera bikaina izango da Munduko Txapelketan aurkeztuko diren Argentinako selekzioko pilotarientzat. Arratsaldeko 4etan, La Platako Euzko Etxean hasiko den lehia hiru datatan burutuko da, horietako hurrena uztailaren 28a Venado Tuerton eta hondarrekoa abuztuaren 18a, berriro La Platan bertan.

La Plata, Argentina. Buenos Aires probintziako Pilota Federazioa eta Argentinako Pilota Federazioa antolatzaile, ‘Aaron Sehter’ pilota txapelketa bihar hasiko da La Platan. Lehia hiru zatitan banatuko da eta lehena La Platako Euzko Etxea-ko trinketean izango da, ostiral honetan, arratsaldeko 4etan. Hurrengoa, berriz, Venado Tuerton burutuko da, uztailaren 28an, eta azkena abuztuaren 18an, atzera La Platan bertan.

Lehiak Argentinako jokalari bikote onenak bilduko ditu, tartean, Rodrigo Manzanti – Jorge Villegas;  Sebastian Inchausti – Joseba Bilbao;  Sascha Vidal – Guillermo Osorio; Cristian Algarbe – Emiliano Narbaits eta Gabriel Villegas – Santiago Andreas. Antolatzaileen arabera, norgehiagoka baliogarria izango zaie oso kirolariei, abuztuan Iruñean egingo den Munduko Txapelketarako entrenamendu gisa. Aipatzekoa da baita ere Uruguairen izenean Munduko Txapelketan aurkeztuko den bikoteak ere hartuko duela parte bihar hasiko den lehian.

Erakunde antolatzaileek jakinarazi dute ‘Aaron Sehter’ lehiaketaren irabazlea hiru elkarretaratzeetan zehar punturik gehien lortzen dituena izango dela. Horrekin batera, garaikurra behin-betiko eskuratzeko, beharrezkoa dela bi urtez jarraian irabazlea izatea.

Lehiaren izenari dagokionez, "euskal pilotan nazioarteko sari gehien irabazi zituen Argentinako pilotariaren izena jarri diogu kirol ekimen honi", adierazi dute antolatzaileek. "Urrezko 13 domina lortu zituen eta gaur egun pilota kirolaren bultzatzaile nagusietako bat da”. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia