La Plata, Argentina. Buenos Aires Probintziako Diputatuen Ganberak omenaldi ekintza egin zien atzo, Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Egunean, kirolaren bidez beren bizitza kalitatea hobetzea lortu duten pertsonei eta erakundeei. Sarituen artean, ‘kirol egokituak’ ere hartu zituzten gogoan eta hor saritu zuten La Platako Euzko Etxea eta itsuen futboleko bere taldea.. Gogora dezagun euskal etxe laplatatarrak Itsuen Futbol Taldea bultzatzen duela bere baitan, Nahuel Saenz koordinatzaile, Martín Marelli prestatzaile fisiko, eta Lelio Sanchez kapitain.
Nahuel Saenzek azaldu duenez, “oso garrantzitsua da sari hau jaso izana kirol egokituekin lotura duten kontuak agenda publikoan jartzeko". "Ezagutarazi behar da kirol guztietan bezala, hauetan ere hartu-emanak sustatzen direla, laguntasuna eta adiskidetasuna, eta kirol guztiak bezala hau ere ona dela osasunarentzat, ez fisikoki bakarrik ikuspuntu sozialetik ere baizik", adierazi du.
Probintzia eta nazio mailako agintariek hartu zuten parte zeremonian. La Platako Euzko Etxearen izenean, Javier Clua lehendakaria bertaratu zen Ganberara eta, futbol taldearen izenean, Carlos Juarez eta Diego Fernandez jokalariak, eta Ignacio Valdemoros atezaina.
Zorionak taldeari eta euskal etxeari!