euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euskal Etxeko gazte talde batek elkarte gastronomikoa sortu du Bixente Ibargurenen omenez

2008/12/04

Juan Unzurrunzaga, Andoni Azcarate, Andoni Etcheverry, Lisandro Jaccoud, Aitor Aramayo, Xabier Aramayo, Iñaki Aramayo, Javier Clúa, Daniel Altamira, Mauricio Brocquelaire, Tomás Clúa, Federico Landa eta Iñaki Azcarate
Juan Unzurrunzaga, Andoni Azcarate, Andoni Etcheverry, Lisandro Jaccoud, Aitor Aramayo, Xabier Aramayo, Iñaki Aramayo, Javier Clúa, Daniel Altamira, Mauricio Brocquelaire, Tomás Clúa, Federico Landa eta Iñaki Azcarate

PUBLIZITATEA

Bixente Ibarguren Bergaran jaio zen 1926 urtean eta joan den martxoan hil zen La Platan. Argentinan eman zituen 50 urtetan La Platako Euzko Etxea-ko kidea izan zen eta elkarteko gazteen artean itzal handia utzi zuen, bere "engaiamendu, lan eta jatortasunagatik". Bere omenez, elkarteko gazte talde batek uztailean sortu zuten soziedade gastronomikoari bere izena jartzea erabaki zuen. Lagunartean 'La Peña' deitzen duten elkartea gazte hauentzako bilgune bikaina bihurtu da eta bertan egiten dituzten afari eta ekitaldiei buruzko informazioa ematen dute euren blogean.

La Plata, Argentina. La Platako Euzko Etxeak elkarte gastronomikoa dauka joan den uztailaz geroztik, elkarteko gazte batzuek sortu duten 'Peña Gastronómica Bixente Ibarguren' taldearekin. Elkartearen sorrera-afarian euskal etxeko buruzagitzako Javier Clúa eta Iñaki Aramayo ohorezko gonbidatuak izan ziren eta taldea osatzen duten gazteek elkarteari Bixente Ibarguren izena ematea erabaki zuten. Taldeko kidea den Aitor Aramayok EuskalKultura.com-i azaldu dionez Bixente Ibarguren euskal etxeko kide guztientzat eredua izan da 'zintzotasun, lan, apaltasun eta Euskal Herriaren eskubiden defentsan agertu zuen engaiamenduarengatik'.

Elkarteak blog bat sortu du eta bertan ekimenen berri eman eta datozen afarietan izango dituzten menuak iragartzen dituzte. Afari bakoitzean bazkide bat aritzen da sukaldari lanetan eta nahiz eta batzuk horrelako ardurak larrituta ibili diren --eta blogean txantxa eta trufa ugari jasan behar izan dituzte horrexegatik-- denak pozik eta asetuta atera dira afarietatik.

Elkartearen hurrengo ekitaldia datorren astelehenean, abenduaren 8an, izango da eta gonbidatu bereziak izango ditu: Chascomús-eko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko bazkide gazte talde bat. La Platako eta Chascomús-eko taldeek futbol partida jokatuko dute eta kirolean gosea egin ostean, 'erreki' argentinar bat dastatuko dute. Blogean partidako eta bazkariko argazkiak eta pasadizoak jarriko dituzte.  

 

Bixente Ibarguren Elkarte gastronomikoaren bloga: http://penabixenteibarguren.blogspot.com

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia