euskal diaspora eta kultura
2008/11/07
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Joan den igandeko ekitaldian sari banaketa izan zuen Idazkuntza Lehiaketako hiru lan sarituak argitaratu ditugu jarraian:
HAINBESTE GIROA
Egilea: Rocio Basterra (Bahia Blancako Unión Vasca EEa)
Viedmako euskal etxeak urte gutxi ditu. Horregatik, mementuz ez dauka egoitzarik. Euskara emateko gela bat alokatzen dugu hilean bi igandetan. Umeentzat saloia apaintzen dugu euskal giroa sortzeko.
Horretarako, hormetan irudiak eta kartelak jarri ohi ditugu, musika ere bai, besteak beste. Behin, klase batean ariketa bat egiten ari ginen: gorputzaren zatiak margotu behar zituzten eta nik (Pirritx eta Porrotxen abestiak jarrita) esaten nien zer margotu eta zein koloretakoa, hau da: " ...burua (eskuz seinalatzen nuen bitartean) gorria, eskuak urdinak... ".
Ikasleetako batek, Imanolek, 4 urtekoak, ezinegon handia erakusten zuen nik hitz egitean, eta bat-batean begiratu eta esan zidan: "Seño, por qué acá hablamos todos en Inglés?"
INOZENTZIO KORRIKALARIA OTE DA?
Egilea: Alicia Itcea (Gral Rodriguez-eko Eusko Aterpea EEa)
Pasa den Barnetegia Arrecifesen izan zen. Leku ederra, jende jatorra. Baina arazo txiki bat genuen: Hotela Euskal Etxetik urrun geratzen zen, lau kilometrotara. Konbi zahar hat ikasleok hartu behar genuen bidaia egiteko. Nire taldean hamar ikasle ginen. Inozentzio ikasle ona zen eta beti unean klasera iristen zen. Ostegun goizean lnozentzio klasean egon zen, haina hamaiketakoaren ondoren inon ez zen agertzen. Ikasgelan ez zegoen, pasabidean ere ez; irakasleak kezkatuta galdetu zigun non zegoen Inozentzio.
Bat-batean Inozentzio ikasgelara sartu zen, gorri-gorri, izerditan eta irakasleari esan zion: “Barkatu, arazo batengatik berandu etorri naiz klasera” eta berehala jarraitu zuen: “Kafea edanda, tripako mina sentitu dut, euskal etxeko komunean norbait zegoen, ez dut astirik pentsatzeko, orduan korrika hotelera joan naiz. Zorritxarrez, hotelean neskamea komuna garbitzen ari zen eta berriro itxaron behar izan dut. Azkenean korrika itzuli naiz”. Ikaskide guztiok isilik geunden, baina bat-batean barre-algarak egin genituen, irakasleak gorri gorri ere bai, galdetu zion: “Korrikalaria zara zu?”.
APATX EGIN ETA LURREAN JEZARRI ZEN
Egilea: Bahia Blancako taldea
Bahía Blancara etorri nintzenean euskara ikasten hasi nintzen. Tenore hartan gure irakaslea ostiralero joaten zen Santa Rosara, hemendik laurehun eta berrogeita hamar kilometrora dagoen La Pampako hiriburura, euskara klaseak ematera. Bazkaldu ondoren autobusa hartzen zuen eta, sei ordu barru, taxi bat Unibertsitateraino, Euskal Etxeak egoitzik ez zuenez han elkartzen zirelako euskara ikastearren. Klasea bukatuta, afaltzeko astirik ez, berriz ere autobusa hartzen zuen, bere etxera ordu txikitan heltzeko.
Larunbatero Bahiako txikiekin egoten zen bederatzi t'erdietatik eguerdirarte eta guretzako saioa eskatu genionean zortzietatik bederatzi t'erdiak arteko tartea baino ez zuenean, hori hartu genuen. Gauzak horrela, dexente nekatuta baina umore onez, ariketak, jokoak, abestiak eta azalpenak eskaintzen zizkigun larunbateko goiza esnatzen hasten zenean.
Egun batean, arbelean idazten ari zela, beheko partera ailegatzean, nekearen nekez, apatx egin zuen eta bertan geratu zen minutu batean, arbelari begira. Jira egitean taldeko guztiok mahaipean harrapatu gintuen, koadernoak eta guzti.
--Zer gertatzen zaizue?- galdetu zigun, erdi harrituta eta beste erdia barrez lehertzen.
Orduan gutako batek lasai asko erantzun zion:
-Irakasle anderea: zu gu baino askoz ere inportanteagoa zara, eta gure buruek zureak baino beherago egon behar dute, xumeek erreginarekin egiten duten bezala.
Lastima! Oso ondo hartu zuen txantxa hura, baina geroztik ez zen berriro lurrean eseri.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus