euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako EEko 'Matxin Burdin' liburutegiko lagunek La Serenisima esne lantegia bisitatu dute Gral Rodriguezen

2007/08/13

La Platako euskal bisitari taldeko gaztetxoen multzoa, La Serenisimako produktuak dastatzen
La Platako euskal bisitari taldeko gaztetxoen multzoa, La Serenisimako produktuak dastatzen

PUBLIZITATEA

Antolatu ohi dituen kultur zabalkuntza arloko ekitaldi gisa, La Platako Euskal Etxe argentinarreko 'Matxin Burdin' Liburutegiko kide eta lagun talde batek bisita egin zion abuztuaren 3an, ostirala, La Serenísima esne lantegiak General Rodriguez herrian dauzkan instalazioei. Antolatzaileen esanetan, 'gure herrialdeko esne lantegi handienetako eta ospetsuenetakoak' diren hauek Mastellone fam,iliak kudeatzen ditu eta Buenos Aires hiriburutik 52 bat kilometro mendebaldera daude kokatuta, aipatu General Rodriguez hirian.
La Platako Euskal Etxeak, 'Matxin Burdin' Liburutegia medio, ekitaldiak antolatzen ditu kultura zabalkuntza arloan, komunitateari irekiak, eta horien artean azpimarragarriak dira tarteka eratzen dituen txango eta pasealdiak, 'parte hartzen dutenen formakuntza aberastu, eta aldi berean guretzat diru iturri ere badirenak', Matxin Burdingo arduradun diren Gladys Medina eta Maria Fernanda Astigarraga liburuzainek BasqueHeritage.com-i azaldu diotenez. Azkenekoa abuztuaren 3an heldu zen, ostirala, eta La Serenisima esne eta esneki enpresak Buenos Aires probintziako General Rodriguez herrian daukan lantegira eginiko bisita izan zen.

'Joan den abuztuaren 3an bisita egin genion Argentina osoko esne lantegi handienetako eta ospetsuenetako bati, Mastellone familiak kudeaturiko La Serenisima enpresak General Rodriguezen duen lantegi nagusira', diote Medina eta Astigarragak. 'Agerian uztekoa da enpresa honen historia. 1929an Don Antonino Mastellone eta bere emaztea gure herrialdera iritsi zirenean hasi zen. Batere baliabiderik gabe etorri eta herrikide batek utzitako etxe batean jarri ziren bizitzen. Gela batean bizi eta bestean hasi ziren lanean, euren jatorriko herrialdetik zekarkiten ezagutza eta jakituriarekin mozarella eta ricotta gaztak egunero ekoizten, Buenos Aireseko biztanleei saltzeko', kontatzen dute. [Goi ezkerreko irudian, esnea partitzeko garai batean erabiltzen ziren gurdia eta marmitak, Argentinara etorritako hainbat eta hainbat emigrante euskaldunek hain hurbiletik ezagutu zituztenak, langintza horretan ibili baitziren]

'Gure arbaso euskaldunen oroimena'

[Mahaia, Matxin Burdinek Gral Rodriguezera antolatutako bisitan parte hartu zuten helduetako batzuekin. Gaztetxo zein helduek ongi pasa eta aldi berean ikasi zuten txangoan ikusi eta entzundakoarekin]

'La Serenisima' izena Lehenengo Mundu Gerlatik dator, izen hori zeraman hegazkinetik alegia, Austriaraino heldu eta paperez bonbardatu baitzuen bakerako deia eginez. 1952an, sortzaileen seme behinenak, Pascualek, aita zendu zelarik enpresaren gidaritza hartu zuen bere anai-arrebekin batera eta gaurdaino enpresak hazten dirau, herrialde osoko beste hainbat tokietan lantegi berriak zabalduz eta bere esne arloko jarduera dibertsifikatuz.

'Ekimen honek begirunez eta hunkipenez bete gintuen eta gogoratu zigun geure arbaso euskaldunek Argentinara heldutakoan egin zutena esne industrian, bereziki Panpa eskualdera iritsi zirenek XIX. mende azkenean, denbora laburrean ekoizle garrantzitsu bilakatu baitziren, aitzindari bihurtuz esne ekoizpena jardunbide komertzial antolatu gisa bideratzen', azaltzen dute. Bisitak eta esplikazio hauek guztiek interesa biztu zuten txangokideengan 'batez ere gazte eta haurrengan, erakutsiz, gorabehera eta baliabide-eza egoera guztien gainetik beti dela posible zailtasunei modu baikorrez erantzutea eta aurre egitea', ondorioztatzen dute La Platako kultura arloko bi ordezkariok.


Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxea euskal etxea
www.centrovasco.com

'Matxin Burdin' eta Kolektibitateen Liburutegien II Topaketak
2007ko ekainaren 25ean BasqueHeritage.com-en argitara emana

Jorge Batiz La Platako EEko lehendakariorde hautatua
2007ko ekainaren 13an BasqueHeritage.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia