euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako EEak eta Aviron Bayonnais Rugby Klubak hitzarmena sinatu dute euren harremanak bultzatzeko

2016/03/18

Iparraldeko Aviron Bayonnais Rugby Klubeko kamiseta Argentinan ere ikusiko da. Argazkian, alboetan Aviron Bayonnais-eko Francis Salagoity eta Christian Devèze, erdian La Platako Euskal Etxeko lehendakari Javier Clua elastikoari eusten.
Iparraldeko Aviron Bayonnais Rugby Klubeko kamiseta Argentinan ere ikusiko da. Argazkian, alboetan Aviron Bayonnais-eko Francis Salagoity eta Christian Devèze, erdian La Platako Euskal Etxeko lehendakari Javier Clua elastikoari eusten.

PUBLIZITATEA

Hitzarmenari esker, La Platako Euzko Etxeko haurren rugby eskolak Iparraldeko Klubeko logoa eta kamiseta erabili ahal izango ditu. Etorkizunari begira, bi erakundeen arteko jokalari-trukeak ere egingo dira akordioaren baitan. Berri honekin batera, Euskal Etxean egiten diren aktibitate guztietako erakustaldi bat iragartzen du Euzko Etxeak La Platan.

La Plata, Argentina. Oso leku garrantzitsua du kirolak Buenos Aires probintziako hiriburu den La Platako Euskal Etxean. Izan ere, egoitzako frontoian praktikatzen diren euskal pilota modalitateez gain, futbol, hockey eta rugby taldeak ere aritzen dira instituzioko instalazioetan.

Etxeko kirolariak animatzen jarraitzeko, akordio bat sinatu du La Platako Euzko Etxeko Javier Clua lehendakariak Euskal Herri Iparraldeko Aviron Bayonnais Rugby Klubeko presidente Francis Salagoityrekin. Hitzarmenak zenbait puntu ahalbidetzen ditu, tartean, Euskal Etxeko haurren rugby eskolak Iparraldeko Klubaren izena, logotipoa eta kamiseta erabili ahal izatea eta jokalari-trukeak egitea.  

Hitzarmena martxoaren 11an sinatu zen Baionako “Jean Gaudier” rugby zelaian, hiriko alkate Jean Rene Etchegaray bertan zela, eta Aviron Bayonnais klubeko presidente diren Christian Deveze eta Francis Salagoity, eta Euskadiko Errugbi Federazioko presidente Iñaki Laskurain lagun.

Errugbia hiztegia

Ekintza berean baina hitzarmena sinatu aurretik, Errugbi Hiztegia aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak. Hiztegi terminologikoak kirolaren hitz eta lokuzio egokiak biltzen ditu eta euskarazko forma egokia zein den aholkatzen du. Hiztegia eskuragarri dago hemen.

Ekintzen erakustaldia

Bestalde eta La Platatik atera gabe, apirilaren 8tik 17ra HABE eta FEVAren laguntzarekin Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak prestatutako ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa ikusgai egongo da hiriko Malvinas Argentinas Kultur Guneko A Aretoan. Erakusketa osatzeko, ekitaldi bat antolatzen ari da Euzko Etxea apirilaren 16rako. Euskal dantzak, euskara, abesbatza, liburutegia, pilota, hockeya, itsuentzako futbola, haurren futbola… Euskal Etxean garatzen diren aktibitate guztiak erakutsiko zaizkio komunitateari. Hitzordua arratsaldeko ordu 2etan da, Islas Malvinas Plazan, 50. Kalean, 19 eta 20.aren artean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia