euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako 'Athletic Club de Bilbao' Futbol Eskolako umeak, Euzko Etxea euskal etxeko sukaldari onenak

2011/11/04

Toki Alai aretoan bildu ziren Euzko Etxea-koak paellak dastatzera (argazkiaEE)
Toki Alai aretoan bildu ziren Euzko Etxea-koak paellak dastatzera (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Bai, eta ez dago akatsik artikulu honen titularrean. Izan ere, La Platako 'Athletic Club de Bilbao' Futbol Eskolako mutikoek bereganatu zuten lehenengo saria urriaren 14an burutu zen Paella Txapelketan. Lehiaketa Euzko Etxea-ko Toki Alai aretoan egin zen, eta berrehun bat lagunek dastatu ahal izan zuten futbolariek prestatutako platera. “Txapelketa urtero egiten da eta lehiaketa baino gehiago elkartu eta ondo pasatzeko aitzakia da”, azaldu diote euskal etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i. Beste parte hartzaileek ere jaso dute sari bat.

La Plata, Argentina. 2011ko Euzko Etxea-ren Paella Txapelketak bere irabazleak ditu jadanik. Lan handia izan zuen Mirentxu Sanchez Garciandia, Jorge Heguy eta Felipe Ochotorenak osatutako epaimahaiak sukaldari talde bat bakarrik aukeratzeko; hala ere, eta guztiak dastatu ondoren 'Athletic Club de Bilbao' futbol eskolakoek prestatutako errezetari eman zioten saria.

Zazpi talde aurkeztu ziren aurten txapelketara, hala nola Emakumeen Azpibatzordea, Pilota Azpibatzordea, Umeen Futbol Eskola, Hockey Eskola, Zaharrak Dantza Taldea, Abesbatza eta Denak Bat Dantza Taldea. Eta lehenengo saria bakarrarieman arren, guztiek jaso zituzten diploma eta domina ahalegina egiteagatik.

“Txapelketa urtero egiten da eta lehiaketa baino gehiago elkartzeko eta ondo pasatzeko aitzakia da. Asmoa da euskal etxeko arlo guztietako kideek elkar ezagutu eta ekintza berean parte hartzea”, azaldu diote euskal etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i.

“Berrehun bat lagun bildu genituen aurten, tartean paellak prestatzeko ardura zutenak. Jai guztietan bezala, dantzariek lan egin zuten tabernan eta aipatzekoa da Hockey eskolako nesken laguntza izan zutela oraingoan. Zuzendaritza Batzordeko kideok esker beroak eman nahi dizkiegu jaian izan ziren guztiei”, adierazi dute La Platako euskal etxetik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia