euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Plata eta Pringleseko ordezkariak nagusi, 'Zelai eta itsasoaren arteko' festako Mus eta Tortilla txapelketetan

2013/10/17

'Zelai eta itsasoaren arteko' Euskal Sukaldaritza Festa Tres Arroyoseko Hiru Erreka eta 'Pampa Vasca' elkarteen ekimena izan da, Buenos Aires hiritik bostehun kilometro hego-mendebaldera (argazkiaEE)
'Zelai eta itsasoaren arteko' Euskal Sukaldaritza Festa Tres Arroyoseko Hiru Erreka eta 'Pampa Vasca' elkarteen ekimena izan da, Buenos Aires hiritik bostehun kilometro hego-mendebaldera (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Hiru Erreka Euskal Etxea eta 'Pampa Vasca' Landa Turismo elkartea antolatzaile, 400 bat lagun bildu ziren San Francisco de Bellocq herri argentinarrean 'Zelai eta itsasoaren arteko' izeneko I. Euskal Sukaldaritza Festan. Proposamenak Buenos Aires probintziako zelaietako paisaiak eta euskal kulturaren adierazpen tipikoak batzeko helburua izan du, eta hori dela eta ekintza nagusiak zaldi-ibilbideak eta Mus Txapelketa eta Tortilla Lehiaketa izan ziren. Hiru Erreka euskal etxeak esker beroak adierazi nahi dizkie partaideei, bereziki Cnel. Pringles eta La Platako euskal etxeetako ordezkariei.

Tres Arroyos, Argentina. Ezohiko asteburu bat bizi izan dute joan den urriaren 5 eta 6an Tres Arroyos partiduko San Francisco de Bellocq-eko herritarrek. Izan ere, bertako 22. zenbakiko eskola izan zen 'Zelai eta itsasoaren arteko' I. Euskal Sukaldaritza Festaren egoitza eta bertan elkartu ziren 400 inguru lagun –tartean La Platako Euzko Etxea eta Pringleseko Eusko Biltzar euskal etxeetako ordezkariak– aktibitateetan parte hartzeko.

Ekintzen egitaraua 5ean, larunbatean, hasi zen paseo turistiko eta zaldi-ibilbide batekin. Ibilbidea Bellocq-en inguruan eta Claromeco-ko hondartzetan egin zen, 'Pampa Vasca' elkarteko lagunen ardurapean. Azpimarratzekoa da INTA institutuaren babesa duen 'Pampa Vasca' elkarteak tokiko landa turismoa bultzatzen duela, baina beti eskualdean dagoen euskal ondare kulturala nabarmenduz. Gogora dezagun 'Pampa Vasca' proiektua sortzeko lehenengo bilera 2010. urtean burutu zela, EuskalKultura.com hasierako bilerako partaide.

Zelai eta itsasoaren arteko 2013 01

['Zelai eta itsasoaren arteko'ibilbidea egin zuten festako gonbidatu batzuek. Goizean zehar, zelai eta hondartzetan zamalkatu ziren (argazkiaEE)]

Larunbatean, ‘Echegoyen’ izeneko Mus Txapelketaren partidak gauzatu ziren. Hamabostik gora bikotek hartu zuten parte, baina irabazleak bi baino ez ziren izan.

Zelai eta itsasoaren arteko 2013 02

[‘Echegoyen’ Txapelketaren irabazleak: lehenengo postuan, D. Iker Altamira eta Xabier Aramayo; bigarrenean, Andoni Azkarate eta M. Ion Broquelaire. Lau muslariak La Platako Euzko Etxea-ko Bixente Ibarguren elkarte gastronomikoaren izenean aurkeztu ziren  (argazkiaEE)]

Igandeko ekintza oihartzuntsuena Tortilla Lehiaketa izan zen, dudarik gabe. Baina lehiaketa, igande goizean, lehia baino askoz gehiago izan zen; ikuskizun bihurtu zen sukaldarien iaiotasunari eta graziari esker.

Zelai eta itsasoaren arteko 2013 03

[Epaimahaikideak Bixente Ibarguren elkarte gastronomikoko kideak izan ziren. Aurkeztutako tortillak dastatu ondoren, Cnel. Pringleseko ‘Beti Dantzari’ taldeko Maria Laura Serante-ri eman zioten lehenengo saria La Platako adituek. Bigarren sariari dagokionez, beste pringlesetar batentzat izan zen: Fabiana Norma Boccanera-rentzat. Hirugarrena, berriz, etxean geratu zen: Tres Arroyoseko Sandra Flores izan zen sariduna (argazkiakEE)]

Sukaldaritzarekin jarraitzeko, sari-banaketaren ondoren hitzaldi & dastaketa bat burutu zen, Xavier Xalaverry Undargharin chefaren eskutik. Aipatu behar da, bestalde, ekintzak helburu solidarioa ere izan zuela. Antolatzaileek esker beroak eman nahi dizkiete La Platako Bixente Ibarguren eta Mary Aramayo elkarte gastronomikoetako kideei Bellocq-eko 22 zenbakidun eskolari egindako dohaintzagatik.

Zelai eta itsasoaren arteko 2013 04

[Euskal etxe anfitrioiko dantzariek, Coronel Pringlesekoekin batera,  euskal dantzak eta erritmoak ekarri zituzten festara (argazkiaEE)]

Euskal jaien ereduari jarraituz, dantza erakusketa batekin amaitu zen festa. Hiru Erreka eta baita Coronel Pringleseko Eusko Biltzar-eko dantzariek ere pieza sorta bat eskaini zizkioten publikoari, batzuk banaka, beste batzuk elkarrekin. Necocheatik etorriak, Otxote taldeko bi musikari ere aritu ziren ospakizunaren amaieran. Eta agur esateko momentuan, gonbidatu guztiak bildu ziren Fandangoa eta Arin Arina dantzatzeko.

"Balantzea ona baino hobea izan da. Jende asko hurbildu zitzaigun lagundu eta parte hartzera. Eta ziur gaude datozen edizioetan gero eta jende gehiago etorriko dela”, adierazi diote EuskalKultura.com-i 'Zelai eta itsasoaren arteko' I. Euskal Sukaldaritza Festaren antolatzaileek, hurrengoa 2014korako, iragarriz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia