La Plata, Argentina. Bost aste barru, Argentinako hainbat euskal etxetako gazte eta helduak elkartuko dira berriro aurtengo lehenengo euskal hitzordu garrantzitsuenetako batean: Eguzkipean kanpamentuan, La Platako Euzko Etxea antolatzaile. Laugarren edizio hau martxoaren 15ean, larunbata, eta 16an, igandea, egingo da, ohi denez, Euzko Etxeak City Bell-en daukan aisialdirako gunean (154 kalea z/g, 446 kalearen eta Arroyo Carnaval-en artean). Topaketak kultur ikuskizunak, musika eta dantza ugari, eskaintza gastronomiko zabala eta, batez ere, lagunarteko giro bikaina eskainiko ditu.
Jendeari irekitako ekitaldia bada ere, oraingo honetan, udalekua 12 eta 17 urte bitarteko euskal etxeetako gazteei zuzenduta egongo da bereziki. Larunbatean hasiko da, 15etan, eta arratsaldean zehar dantza, eskulan eta arte-tailerrak, jolasak eta herri-kirolak egingo dira. Ilusio handiz espero dituzte Euskal Herritik iritsiko diren begirale gazteak, tailerren garapenean lankide aritzeko.
Tailerrak, dantza, korridore gastronomikoa...
Argentinan euskal festetan ohi denez, dantzak leku garrantzitsua izango du. Izan ere, Euzko Etxeko lau dantza taldeez gain (txikiak, ertainak, nagusiak eta zaharrak), bertaratutako gainerako euskal etxeetako ordezkaritzak ere City Belleko oholtzan aritzea aurreikusten da. Bukaeran, kanpamentuan partaide diren gazte guztiek bertako tailerrean landuko dituzten hainbat dantza partekatuko dituzte.
19etan, ohiko korridore gastronomikoa inauguratuko dute eta bertan, gauean zehar, edariak eta janari tipikoak eskainiko dira. Standak euskal etxe anfitrioiaren sail desberdinen esku egongo dira, eta beste euskal etxe batzuen eta EEaren inguruko bestelako elkarteen ardurapean, azken urteotan Euzko Etxeak lankide izan dituen gainerako kolektibitateen laguntza izatea espero baitute.
Voucherrak aste honetan salgai
Antolatzaileek voucher bat eskainiko dute, larunbateko askaria; gauerako, pintxo bat eta edari bat barne, baita igandeko gosaria eta bazkaria ere. Adi! Voucherraren prezioa aste honetan jakinaraziko dute Euzko Etxeko sare sozialen bidez: Instagram-en, centrobasko; Facebook-en, centrovasco.euzkoetxealaplata.
Informazio gehiago nahi izanez gero, campamentoeguzkipean@gmail.com helbidera bidali e-maila edota WhatsApp bidez 221 6152824 zenbakira idatzi. Ez galdu aukera urtea hasteko, euskal etxe guztietako gazteekin batera, euskal kultura bete-betean bizitzeko!