euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Pampa probintzia argentinarreko Macachingo Euskal Etxeak antolatuko du 2018ko Munduko Mus Txapelketa

2017/09/01

2018ko Munduko Mus Txapelketaren logoa
2018ko Munduko Mus Txapelketaren logoa

PUBLIZITATEA

Erabakia egun hauetan Kalifornian, Estatu Batuetan, garatzen ari den Txapelketaren 40. edizioaren baitan hartu da. La Pampako Euzko Alkartasuna Euskal Etxetik adierazi digutenez, Nazioarteko Mus Elkarteak baietza eman dio Euzko Alkartasunari, datorren urteko irail aldean mundu osoko Euskal Gizataldeetako muslarien bilgune izateko. Macachingo euskaldunek ongi frogatu dute euren antolatzeko gaitasuna, 2015ean arrakasta handiz izan baitziren maila nazionaleko Euskal Astearen eratzaile.

Macachin, Argentina. Euskal Gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketa Macachinera iritsiko da 2018an, lehen aldiz. Dagozkion proiektu eta behin behineko programa aurkeztu ondoren –publikoaren txalo beroak jaso zituen aurkezpen batean–, Nazioarteko Mus Elkarteak euskal karta jokoaren lehiaketa nagusi honen antolatzaile izateko ardura eman dio Euzko Alkartasuna Euskal Etxeari. Datari dagokionez, oraindik baieztatu behar bada ere, irailaren 22tik urriaren 1era arte izango da, printzipioz. Eta lehiaketarekin batera, muslari eta laguntzaileei begira, Pampako ezaugarriak eta izaera bera ezagutzera emateko hainbat ekintza proposatuko dira, tartean, ibilbideak landetan, bisitak bertako ‘tambo’etara eta beste hainbat ekitaldi eta ospakizun.

Euskal Etxean poz-pozik hartu dute berria eta dagoeneko hasiak dira lanean Munduko Mus Txapelketaren 41. edizioa “egoerak eskatzen duen egokitasunez atera dadin”. Macachibdarrek esker beroak eskaini nahi dizkiete Nazioarteko Mus Elkarteari eta baita Argentinako Mus Batzordeari eta herrialde osoko Mus Ordezkaritzei ere proiektuari euren ‘baldintzarik gabeko’ babesa emateagatik.

Macachingo hautagaitzak alde dauka, besteak beste, frogatu berria dutela 2015eko urte amaieran jende asko biltzen duten ekitaldiak antolatzeko daukaten gaitasuna, Argentina osoko hainbat ordezkaritza eta ehundakada dantzari eta partaide ugari bildu zituen Euskal Argentinar Aste Nazionalaren eratzaile izan baitziren, arrakastaz eta partaideen aho bateko iritziz.

Gogora dezagun, bestalde, abuztuaren 25etik irailaren 3ra arte garatzen ari dela San Frantziskon eta Chinon, Estatu Batuetan, Munduko Mus Txapelketaren 40. edizioa. Argentinaren izenean, Alvaro Ocariz eta Hector Mazzolini muslariek eta Fernando Ocariz delegatuak osatutako ordezkaritza eta Macahingo Fernando Mujica bertaratu dira Estatu Batuetara.

Euzko Alkartasuna Euskal Etxearen Facebook: Asociación Unión Baska "Euzko Alkartasuna"



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia