Macachin, Argentina. Euskal etxe panpatarrak proiektu berri bati ekin dio ekainean. Euskal jatorrizko jendearen informazioa biltzeko helburua duen ‘Euskal Sustraiak: En busca de raíces vascas’ ekimenak bi pauso ditu. Alde batetik Macachinera eta bere ingurura (Alpachiri, Rolón, Anchorena, Miguel Riglos eta Doblas herrietara) iritsi ziren Euskal Herriko immigrante guztien datuak biltzea Artxibo Historiko bat osatzeko.
Eta bigarren pausoa, Euskal Etorkinen omenezko monumentu bat eraikitzea. Monumentua herriko ipar aldean ezarriko dute eta, posible bada, datorren urtean inauguratu nahi lukete, martxoan, Euskal Etxearen urteurreneko ospakizunean.
Euskal elkarteko erreferente den Tomas Vicentek EuskalKultura.eus-i adierazi dionez “Monumentuak izango duen plaka batean, Euskal Herritik hona etorritakoen izen guztiak bilduko ditugu. Orain arte 550 bat izen batu ditugu, asko dira eta badakigu ondo goazela, baina jakitun gara asko falta zaizkigula oraindik. Herria txikia da eta jendea prest dago laguntzeko, beraz lortuko dugu. Artxiboa, gainera, oso material baliagarria izango da Euskal Etxean gorde, eta jendeak, familiek edo ikertzaileek kontsulta dezaten”.
Elkarteko talde batek hartu du bere gain proiektua eta informazioa eman nahi duenak eurekin jarri behar du kontaktatu, honako izen eta telefonoetan: Liliana Otamendi, 2954 609624; Lucia Miquelarena, 2954 372557; Iñaki Unamuno, 2954 669546. Honako datuak behar dira, ahal dela bederen: Immigrantearen izen-abizenak, noiz etorri zen, jaioterria han, bizilekua hemen, eta ondorengoak izan bazituen, horien datuak.
Euzko Alkartasuna Facebook-en, Centro Vasco Euzko Alkartasuna