euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Nacion-eko artikulu batek Txileko Santiagoko Eusko Etxeko jatetxeko sukaldaritza tradizionala laudatu du

2009/06/22

Santiagoko Eusko Etxeko jatetxea artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Santiagoko Eusko Etxeko jatetxea artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Laudorioak jaso ditu Santiagoko Euskal Etxeko jatetxeak egiten duen sukaldaritza tradizionalak, joan den igandeko La Nacion egunkariko Magazineak argitara eman duen gastronomia artikulu batean. Cesar Feres kritikariaren aburuz, Eusko Etxean goraipa daitezke "duintasunez, kokotxak baratxuriekin, bakailaoa bizkaitar erara, giltzurrunak xerezez, arrain mota ugaria (meroa, berrugeta, itsas aingira) eta aspaldian hartu ditudan tripakirik onenak, urdai-azpiko, piper eta txorizo askoduna". Kazetariaren esanetan, nazionalitate jakin bati lotutako klub eta elkarteetako jatekoa beheiti doan testuinguru batean, Eusko Etxeak eutsi egiten dio, prezioetan zuhur eta oro har ongi egindako sukaldaritza batez.

Santiago, Txile. La Nacionek atzo argitara emandako artikuluak aldendu egiten du Eusko Etxeko jatetxea, Santiagon, nazionalitate jakin bati lotutako klub, elkarte eta lekuetan eskaintzen den sukaldaritzak bizi duen apaldura eta beheranzko joeratik, kazetaren esanetan deus edo deus gutxi geratzen baita garai batean honelako tokietan ematen zen maila oneko jatorrizko jateko moldeez.

Cesar Fredes-en esanetan, "euskaldunen, katalanen, siriarren edota palestinarren seme-alabak ahanzten doaz gero eta gehiago euren arbasoen aberria, hizkuntza eta jatekoa eta klubak --estadioak ez hainbeste-- gero eta urrunago dauden euren jatorrizko ezaugarriez". Ondorioz, "denbora da ezer gutxi geratzen doala sukaldaritza ardatz izan zuten biltoki eta elkarteez. Deus ez, sortu zirenean izan zuten izaera, bizia eta grinaren aldean".

'Kolonietako sukaldaritzan leku enblematikoa'

Eusko Etxea bereizten du joera horretatik. "Denbora iragaitearen gainetik, kolonietako sukaldaritzan enblematikoa den leku honek --denbora hobeak izan dituela jakinik, eta bere kalitatea txanda bakoitzean daukan kontzesiodunaren arabera-- sorpresa atseginak eman ditzake oraindik: tripakiak, paella eta arte onez egindako itsaski frijitu jakin batzuk adibide". Egungo kontzesioduna, Hernán Sobrazo, laudatzen du eta esaten du bizia "bilatu behar duela bilkura eta afari handi eta partikularrekin, zuzendaritzak --eskertzekoa-- uzten diolarik hori egiten". "Horrek, Sobrazok dionez, eguneroko kartari arreta eskaintzeko aukera ematen dio eta lehen gaiei erreparatzeko, eta bertara doazen bazkideei eta publikoari oro har merezi duten tratua emateko", azaltzen du artikulugileak.

Nazionalitateei lotutako gainerako lekuak gogor kritikatu ondoren --"Estadio Español-era joan ginen azkeneko aldiak, duela bost urte baino gehiago, bertara itzultzeko gogoa kendu zigun, eskaintza hain kaskarra eta arrunta izan baitzen", "Circulo Español-etik betirako egin dugu ihes", "Centre Catalá-n, garai batean ohikoak baginen ere, ez gehiago, egia bada ere azken aldian janaria eta zerbitzuak hobera egin dutela, prezioek ere nabarmen egin baitute gora", "Santo Domingo kaleko siriar eta palestinar klub zaharrei buruz, hogeita hamar urte izango dira egunero oturuntzak egiten genituela, baina egun ezin dira bereizi ezta egon ziren eraikinak ere"-- euskal tokiaren politikari atxikitako hondarreko historia aipatzen du, oroituz "Eusko Etxea biltokitzat zeukatela München-eko Taldea gisa ezagutuak ziren Kontzertazioko buruzagi talde bateko kideek".

Jangela diskretu eta abegikorrak

"Bere jangelak --batzuk pribatuak-- pixkat zaharkituak badaude ere, diskretu eta abegikorrak dira. Hor zerbitzatzen da oilaskoa plantxan arrozaz, dietan egon daitekeenarentzat, tripakietaraino, azken hau kartako eskaintza onena, eta horren lekukotasuna ematen dugu, ostegunean dastatu baikenituen".

Aipamenak segitzen du baieztatuz "Eusko Etxeko sukaldaritza ongi egina dagoela oro har; eta tartean biltzen ditu haragi egosi plater tradizionalak, ganba eta txibiak erromatar erara on batzuk, eta chef gazteen eskutik datorren aire tipikoa, platera 'merquen'-ekin zipriztindu eta ciboulette frejituen lotukiz ederturik. Prezioak zuhurtziaz daude ipinita. Eta esaten digute kartako harribitxia paella dela, itsaski askoz, eta jende asko hori eskatzera bertaratzen dela". "Tripakiak bezain ona bada, itzuliko gara", bukatzen du.

-Aipatu artikulua, La Nación-en
-Jatetxeko webgunea: www.restaurantcentrovasco.cl



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia