Madril, Espainia. Joan den ostiralean zen biltzekoa Madrilgo Euskal Etxeko Irakurle Taldea, Xabier Mendigureren “Oso latza izan da” (2023) liburua komentagai. Azken momentuko aldaketa batek, ordea, maiatzaren 31era, datorren ostiralera, pasatu du, “oso arrazoi on batengatik”, argitu dute antolatzaileek, izan ere, data berri honetan, liburuaren egileak, Xabier Mendiguren beasaindarrak, bertaratu eta irakurleekin solastu eta informazio eta iritziak partekatu ahal izango ditu, 20:00etan.
“Oso latza izan da” Xabier Mendiguren Elizegiren azken nobela da eta Joxe Arregi zizurkildarraren gertakarian oinarritzen da. “1981eko otsailean atxilotu zuten Arregi Madrilen eta handik hamar egunera azken arnasa eman zuen, jasandako tratuen ondorioz. Egiazko gertakariak bildu, bizirik jarraitzen duten lekukoak elkarrizketatu, protagonisten biografiak eraiki, eta kontakizun zirraragarri bat ondu du egileak, kazetaritzako kronikaren osagaiak dituena baina fikziozko idazlearen baliabideekin moldatua”, dio liburuaren atzeko azalak.
Madrilgo Euskal Etxeko Irakurle Taldea
Madrilgo Euskal Etxeko Irakurle Taldea “gune aproposena da irakurtzea gustatzen zaienentzat, aukera ederra da-eta hiztegia lantzeko, euskal literatura ezagutzeko eta euskara eremu horretan erabiltzeko”, luzatzen dute gonbitea Euskal Etxetik.
Taldeak irakurtzeko titulu-gomendioak egiten dizkie partaide direnei eta hilean behin egiten diren bileretan guztiek aukera izaten dute irakurri dutenari buruzko iritzi eta komentarioak plazaratzeko. Saioak Euskal Etxean egiten dira, liburutegian, eta proposamenari buruzko informazioa epeka eguneratzen dute Euskal Etxearen webgunean.