euskal diaspora eta kultura
2012/03/12
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Kulunka Teatro konpainia euskaldunak Panamako Antzoki Nazionalean taularatuko du "André & Dorine" antzezlana martxoaren 22an eta 23, herrialde honetako Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren bostgarren edizioan. Kulunkaren lanak arrakasta nabarmena izan du azken urtean nazioartean eta Panamako jaialdiak ekitaldiaren inauguraziorako aukeratu du.
"André & Dorine" lanak bikote heldu baten maitasun-istorio hunkigarria kontatzen du eta, emakumearen Alzheimer-ak aurrera egin ahala, horrek harreman luze honetan eragiten dituen aldaketak irudikatzen ditu. Tragikomedia kutsua du narrazioak eta ordubeteko epean ikusleei algarak zein malkoak eragiten dizkie. Hiru aktorek --Garbiñe Insausti, José Dault eta Edu Cárcamo-- antzezten dute lana, maskarak jantzita, Iñaki Ricarteren zuzendaritzapean. Eta ordu osoan, hitzik ez; musika eta keinuak soilik.
Hitzik gabe, edonon ulertu
"Hitzik ez dugu erabiltzen eta, paradoxikoki, horrek lana edonon ulergarri izatea dakar, Kuban zein Nepalen", esan dio EuskalKultura.com-i Garbiñe Insaustik. "Kolonbian estreinatu genuenean sorpresa izan zen ze harrera ona izan zuen, eta handik Nepalera joan eta han ere oso ondo hartu zuten. Nepalen ez diote gaisotasunari Alzheimer deitzen baina dementzia zer den badakite eta oso ondo ulertu zuten".
Kulunka Teatro 2008an sortu zen, eta bere lehen muntaia da "André & Dorine". 2010 bukaeran Manizalesen aurkeztu zuten, Kolonbian, eta harrezkero Dominikar Errepublikan, Argentinan, Kuban, Ekuadorren, Txinan... izan da. Aurten ere arrakasta bide beretik jarraituko du antzezlanak eta Insaustik iragarri duenez Panamaren ondotik Turkian, Errusian, Finlandian, Norvegian, Estatu Batuetan eta berriz ere Txinan izango dira.
André Gorz filosofoaren azken gutuna
Lehendabiziko lanarekin bete-betean asmatu du konpainiak, baina aipatu beharra dago proiektua prestatzen urteak eman zituztela. Antzezlanaren ideia, hazia, 2007ko albiste baten harira sortu zen: orduan irakurri zuten taldeko kideek André Gorz filosofoak eta bere emazte Dorinek beren buruaz beste egin zutela elkarrekin. Gorz-en emaztea gaisorik zegoen eta argi zuten ez zutela bata bestea gabe bizi nahi. "Gorz-ek emazteari gutun luze eta hunkigarria idatzi zion eta gure istorioa hortik sortu da", azaldu du Insaustik.
Insaustik gogoan ditu Argentinan egin zituzten emanaldiak, San Nicolaseko Euskal Etxean eta Buenos Airesen, Eusko Kultur Etxeak antolatuta. "Etxean bezala sentitu ginen hango euskaldunen artean. Batez ere San Nicolas datorkit momentu honetan burura, familia bezala tratatu gintuzten, eurekin bazkaltzen genuen... Euskal etxeetan, medio gutxiago genituen, normalean jaialdietan eta antzokietan eszenografia prestatu egiten baitigute; hor ez zen horrelakorik, baina dena eman zuten guri laguntzearren: ez dakit zer behar genuela? bada norbaitek bere etxetik ekartzen zuen, eta horrela", gogoratu du aktoreak.
Kulunka Teatro konpainiaren webgunea, hemen.
Antzezlanaren bideo bat:
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus