euskal diaspora eta kultura
2012/09/06
PUBLIZITATEA
Los Angeles, AEB. Kulunka Teatro antzerki konpainiak Los Angeles Theater Center-en aurkeztuko du bihar "André & Dorine" lana. Estatu Batuetan bira egiten ari da taldea eta Los Angelesen hiru emanaldi egingo ditu: hilaren 7, 8 eta 9an.
Ondoren New Yorken izango da Kulunka eta lau emanaldi egingo ditu The Marjorie S. Deane Little Theater antzokian, irailaren 13, 14, 15 eta 16ean. Taldeak lan honekin AEBetara egiten duen bigarren bidaia da hau: uztailean Miamiko Festival Internacional de Teatro Hispano delakoan izan ziren.
Mugarik gabeko istorioa
"André & Dorine" lanak bikote heldu baten maitasun-istorio hunkigarria kontatzen du eta, emakumearen Alzheimer-ak aurrera egin ahala, horrek harreman luze honetan eragiten dituen aldaketak irudikatzen ditu. André Gorz filosofoaren eta bere emaztearen egiazko istorioak inspiratu zuen lana: 2007an Gorz-ek eta bere emazte Dorinek beren buruaz beste egin zuten elkarrekin. Dorine gaixorik zegoen eta argi zuten biek ez zutela bata bestea gabe bizi nahi.
Istorioa bezala, gazi-gozoa da antzezlana, eta ordubeteko epean ikusleei algarak zein malkoak eragiten dizkie. Hiru aktorek --Garbiñe Insausti, José Dault eta Edu Cárcamok-- antzezten dute lana, maskarak jantzita, Iñaki Ricarteren zuzendaritzapean. Hitzik ez dute egiten eta, agian horri esker, hainbat herrialdetako ikusleek ederki konektatu dute lanarekin: Kuba, Nepal, Kolonbia, Dominikar Errepublika, Argentina (San Nicolaseko Euskal Etxean eta Eusketxen izan ziren), Ekuador, Txina, Turkia, Errusia, Finlandia...
Besaulkitik mugitu gabe
"Egia esan bira eta ikusleen erantzuna zoragarriak ari dira izaten", azaldu digu Insaustik. "Eta beste behin ere, maskararen lengoaiak eta André eta Dorinen istorioak mugarik ez dutela ikusi ahal izan dugu".
Euskal aktoreak estatubatuar ikusleen gertutasuna eta adierazkortasuna azpimarratzen du, batez ere Baltimore-ko emanaldiaren ostean egin zen solasaldian. "Ikusleen harrera eta txaloek hunkitu egin gintuzten, baina oilo ipurdia jarri ziguna zera izan zen, emanaldiaren ostean ikusle guzti-guztiek besaulkian eserita jarraitzen zutela ikusteak, aktoreekin hitz egiteko zain".
Kulunka Teatrori buruzko informazio gehiago, Facebook-en, hemen.
Antzezlanaren bideo bat:
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus