Madril, Espainia. Las Rozaseko Antzerki Eskolak Perez de la Riva Kulturgunean antolatua, Maskara Adierazkorrei buruzko tailerra martxoko hiru lehenengo ostiraletan, 18:30etatik 21:00etara, eta azkeneko larunbatean, hilaren 28an, 10:30etatik 13:30etara emango du Madrilen, nazioarteko agerpen ibilpen luzea daukan Kulunka konpainiak. Tailerrak helburu zehatzak ditu: konpainiaren sormen prozesua nolakoa den azaltzea eta maskara adierazkorrekin nola landu, hitzik gabeko narrazioak sortu ahal izateko. Informazio gehiago, hemen.
Ipar hemisferioko udaberriari begira, André y Dorine, maskara antzezlan multisaritua eramango dute Estatu Batuetara. Bira San Frantziskon hasiko da maiatzaren 7an; ondoren Los Angelesen ikusi ahal izango da maiatzaren 21ean eta ekainaren 7an; eta azkenik New Yorken uztailaren 9an eta abuztuaren 9an. Bira honen berri André and Dorine on Tour Facebook kontuan emango dute. Gogoratu aurretik ere ibilia dutela obra hau munduan, hala nola Argentina, Kolonbia, Errusia, Taiwan, Uruguai eta baita lehenago ere AEBetan, kasu batzuetan harremanetan bertako euskal etxeekin.
Kulunka Antzerki Konpainia 2010ean jaio zen Gipuzkoan, Garbiñe Insausti eta Jose Dault artisten eskutik. Maskarak lagun, “hitzetik haratago joan daitekeen lengoaia aurkitzeko asmotan” sortu zuten. Proiektuak sari anitz jasotzeaz gain Europako eta Amerikako 25 herrialde baino gehiagotan aurkeztu izan ditu bere lanak.