euskal diaspora eta kultura
2008/11/20
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Etxepare Euskal Institutua abian jartzeko unean eta Zuzendari nagusiaren izendapen finkoa gertatu arte, Institutuaren Patronatuko Presidentzia Exekutiboak, Kultura sailburuak alegia, hartuko ditu bere gain ordezkapenez Zuzendariaren zereginak. Eusko Jaurlaritzak ohar batean adierazi duenez, Etxepare Euskal Institutuaren ibilbidean gaur eman den erabaki honek ahalbideratuko du, bere egitura osatuta, Institutuak lan-abiada beteari ekitea 2009ko urte hastapenean.
Eusko Legebiltzarrak 2007ko apirilaren 20an onartutako 3/2007 Euskal Institutua sortze eta arautzeko Legeak sortu zuen, Jaurlaritzaren maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak bere Antolakuntza eta Jarduera Araudia ezarri zion eta Jaurlaritzaren ekainaren 24ko Dekretuak izendatu zituen Patronatuaren kideak. Joan den uztailaren 14an osatu zen eta egin zuen bere lehen bileran Patronatuak eta horretan Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeari honi izendapena dagokion Institutuaren Zuzendaritza Batzorderako bi kideen izenpena proposatzea erabaki zuen eta ondoren Jaurlaritzak uztailaren 29ko bilera izendatu zituen. Zuzendaritza Batzordea osatu da eta lanean da eta orain onartutako erabakiaren bitartez Zuzendari Nagusia izendatu bitartean honen zereginak Institutuaren Patronatuko Presidentzia Exekutiboak gauzatuko ditu ordezkapenez.
Guztia prest operatibotasun maila egokia har dezan
Sortze Legeak aurreikusi moduan, Etxepare Euskal Institutuaren organo nagusiak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta Zuzendaria dira. Zuzendaritza Kontseiluak zazpi kide ditu; Kontseiluko presidentea Institutua atxikia duen sailaren ordezkaria izango da (Kultura), beste hiru kontseilari Kanpo Harremanak, Hizkuntza Politika eta Ogasuna sailen ordezkariak dira, eta beste bi lekuak Patronatuak aukeratutakoen artean izendatu ditu Jaurlaritzak. Hauekin batera Institutuaren Zuzendaria, oraindik behin betirako izendatu gabea, kontseiluko kide izango da.
Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da eta euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena du xede eta alde horretatik bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak. Etxepare Euskal Institutuaren xedeak euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpenarekin lotzen dira, Beñat Etxeparek esan zuen “jalgi hadi mundura” leloaren bidetik. Hori horrela Etxepare Euskal Institutuak honako xedeak ditu:
a) euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera munduan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz; euskara nazioartean onartua izan dadin laguntzea eta sustatzea; eta jarduera horiek hedatzen eta horien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.
b) Euskal kultura, herri honetan sortutako kultura kanpora hedatzen laguntzea bere forma guztietan.
c) Gure herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea, baita euskal komunitateak dauden edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek hala gomendatzen duten herrietara ere.
Etxepare Euskal Institutuak bi arlo sektorialetan antolatzen du bere burua euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako xedea betetzeko:
a) Euskal kulturaren sustapena eta zabalpena
b) Euskararen sustapena eta zabalpena
Euskal kulturaren sustapen eta zabalpen arloaren baitan uztartzen dira musika, arte eszenikoak, ikus arteak, zinema, arkitektura eta diseinua eta alor honen betekizunak honakoak izango dira:
a) euskal sorkuntza artistikoaren zabalpena nazioartean
b) artistak eta hauen lanak munduan zehar zabaltzea
c) nazioartean kultur erakustaldiak antolatu
d) arteen zabalpenerako ekintzabide estrategikoak bultzatu
e) euskal sorkuntza kanpoan ezagutzera emateko kultur eragileen sustapena
f) euskal literatura, jakintza eta ikerketa kanpoan ezagutzera eman horien zabalpena sustatuz
g) Euskadiko kulturaren eta bereziki euskarazko eskaintzaren kanpo zabalpena bultzatu
h) Pentsalari eta ikertzaileen arteko hartu emanak bultzatu
i) Hizkuntza eta kultur aniztasunari buruzko euskal egileen nazioarteko ezagutza sustatu
j) Euskal kulturaren kanpo zabalpenaren alorrean lanean diren eragileei laguntza eskaini
Euskararen sustapen eta zabalpenaren arloaren baitan Etxepare Euskal Institutuak euskararen irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza bultzatuko du eta arlo honek honako funtzioak izango ditu:
a) Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskararen ikerketa eta ikasketak bultzatu, lektoradoak eragin eta euskararen ikertzaile eta euskal ikaskuntzen erakundeei laguntza eta babesa eman
b) Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu munduan zehar diren euskal gizataldeetan, euskal etxeen laguntzarekin eta hauen bitartez
c) Beste erakundeekin elkarlanean, Euskal Herritik kanpoko euskara ikasi ahal izateko beharrezkoak diren giza, hizkuntza eta didaktika beharrak bideratu d) Euskal Herritik kanpoko irakaskuntza behar horietarako tokian tokiko euskarazko irakasleen prestakuntza bideratu
e) Antolatu euskara ezagutza-egiaztagirien azterketak Euskal Herritik kanpo
f) Euskararen presentzia ahalbideratzeko hizkuntza eta kultura erakustazoka nagusienetan parte hartu
g) Euskararen kanpo zabalpena xede izanda sustapen ekintzak koordinatu gaztelania, katalana eta gailegoa zabaltzea xede duten Institutuaren gisa bereko erakundeekin
h) Euskararen kanpo sustapenerako ekintzak euskararen lurraldeko beste erakunde publikoekin koordinatu
i) Elkarlana izan euskararen normalkuntza xede duten erakundeekin
j) Euskararen eta euskarazko sorkuntzaren zabalpena xede izanda, elkarlana bultzatu Unibertsitate edo eta bestelako erakunde publiko eta pribatuekin
k) Euskararen kanpo zabalpena egiten duten erakunde publiko eta pribatuei laguntza eman
l) Teknologietan oinarritutako euskararen kanpo zabalpena bultzatu
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetza-harreman sendoak izaten saiatuko da eta bere jarduerak koordinatuko ditu administrazio publikoek egiten dituztenekin, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako instituzio guztiek egiten dituztenekin, bereziki, euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako erakundeetakoekin.
Bere xedeak betetzeko Etxepare Euskal Institutuak, bere ekimenez edo hirugarrengo batekin elkarlanean, euskara irakasteko ikastaroak sortu, sustatu eta antolatuko ditu eta horrekin batera, Administrazioak euskararen ezagutza egiaztatzeko onartuta dituen probak antolatuko ditu, euskara hedatzea helburu duten ekintzak sustatu eta gauzatuko ditu zuzenean eta sare telematikoen eta teknologia berrien aukeren bitartez; euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenari begira, euskara eta euskal kulturaren ikerketa eta irakaskuntza Euskaditik kanpoko unibertsitateetan bultzatuko du lektoradoei eta eusko ikaskuntzen ikasketei laguntza emanda eta atzerriko ikerketa-zentroekin elkarlana bultzatuz. Kultura eta hizkuntzen alorrekin zer ikusia duten azoka eta ferietan parte hartuko du. Horrekin batera, kultur produkzio eta espresio desberdinen mundu zabalpena bultzatuko du eta hedapen kulturaleko jarduerak estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean egingo ditu.
Lotura interesgarriak
Eusko Jaurlaritzaren webgunea
www.euskadi.net
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus