Donostia-San Sebastian. Halaxe adierazi du EH Bilduk plazaratu duen ohar baten bidez. Alderdi abertzaleak, egun Eusko Legebiltzarrean tramitazioan den Lege hau hizpide, azaldu du akordio batera heldu dela Jaurlaritzarekin, "euskal kultura bere osotasunean hartu eta babesteko, EAEko muga administratiboetatik harago". "Geure taldea akordio batera heldu da Jaurlaritzarekin Kultura-Ondarearen Legea onartzeko. Hasierako proiektuak zeuzkan hutsuneak tramitazioan zuzendu eta lege berriak, besteak beste, (euskal) ondare immateriala babestuko du", jakinarazi du Jasone Agirre legebiltzarkidea medio helarazi zaigun oharrak.
“Egungo marko administratiboaren ondorioz, legeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako neurriak eta tresnak jasoko ditu, baina kulturak ez du zatiketa administratiboez ulertzen" mintzatu da EH Bilduren izenean Josu Estarrona lehebiltzarkidea. "Hori dela eta, lege honen tramitazioan EH Bilduren helburu nagusia euskal kultura, ikuspegirik zabalenean, erdigunean kokatzea izan da eta, gure ekarpen horri esker, Legebiltzarrak onartuko duen legea hainbat puntutan euskal kultura-ondareaz arituko da, zentzurik zabalenean".
"Izan ere, Nafarroa, Ipar Euskal Herria eta Diasporaren hainbat ondare kultural euskal kulturaren parte dira eta lege berriak horri ere erreparatuko dio. Hala, euskal kultura bera legearen erdigunean ipini dugu eta, horren ondorioz, legeak neurriak jasoko ditu modu koordinatuan aritzeko eta euskal kultura-ondarea bere osotasunean babestu eta sustatzeko”. Zehazki, xedapen gehigarri batek elkarlana eta kooperazioa aurreikusiko ditu, Iparraldeko Mankomunitatearekin zein Nafarroako Gobernuarekin, ondare kulturalaren alorrean, bildu du prentsa-oharrak.