euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EiTBk kultur saioak bultzatuko dituen ETB-3 euskara hutsezko katea jarriko du abian urte amaieran

2008/01/05

EiTBko arduradunak Bilboko egoitzan (argazkia EiTB24.com)
EiTBko arduradunak Bilboko egoitzan (argazkia EiTB24.com)

PUBLIZITATEA

ETB-3 telebista katea sortuko du EiTB (Euskal Irrati Telebista) euskal korporazio publikoak urte amaieran. Kanal berria euskara hutsezkoa izango da eta kultur saioak eta haur eta gazteei zuzendutako emankizunak bultzatuko ditu. Telebista analogikoaren itzalaldiarekin sortuko diren erdarazko kateak asko izango direla uste da. Kate berriak ez oreka, desoreka nabaria izango baita, baina bai aukera berri bat eman nahi die ikusle euskaldunei hori guztia gertatzen denean.

Bilbo, Bizkaia. Euskal Irrati Telebistak, ETB-3 deituko den telebista katea sortuko du urte amaieran. Euskal korporazio publikoak irrati, telebista eta internetekin egiten du lan. Telebista kate berria sortzearen arrazoia ikusentzuteko panoraman datozen aldaketen testuinguruan behar da bilatu: 2011. urterako iragarria dagoen sistema analogikoaren itzalaldiak Televisión Digital Terrestre (TDT) delakoa bakarrik egotea eta, ondorioz, gaztelaniazko eta frantseseko kateak ugaltzea ekarriko du. Beraz, ETB-3 telebista katearen eratzea euskal ikusleei telebista euskaraz ikusteko emango zaion beste aukera bat izango da, hamarnaka ugalduko diren beste hizkuntzetako kanalak izango dituen egoera baten aurrean.

Iragan urtean ETBk birmoldaketa prozesua gauzatu zuen bere instalazioetan: Bilboko egoitza nagusira mugitzea eta guztia digitalizatzea; eta Donostiako Miramon Produkzio Zentroaren handitzea eta birmoldaketa lana. Bizkaiko hiriburuko egoitzak hiru telebista plato eta telebista, irrati eta interneterako erredakzio zentralak biltzen ditu. Miramonen egindako lanen ostean, instalazioek 3.500 metro karratuko dimentsioa lortu dute eta entretenimenduzko programak eta fikziozko serieak grabatzeko erabiltzen da.

ETB-3 telebista kateaz gain, Euskal Irrati Telebista beste erronka batzuekin ari da lanean aurten: albistegiak, barne produkzioa eta ikus-entzunezko esparrua sendotzea. 2010. urterako, aro analogikoaren geldialdia ematen denean, beste telebista kate bat sortuko du ETBk: ETB-4. Bertan informazioa eta formatu berriek pisu handia edukiko dute. Gainera, zenbait hizkuntzetan emitituko da, hala nola, ingelesez eta frantsesez. Emisioetan euskara eta erdarak pisu bera edukiko dute, iragarri dute EiTBtik.

Lotura interesgarriak

Albiste honi buruzko informazio gehiago
www.eitb24.com

Telebista digitalari buruzko informazioa
www.televisiondigital.es

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia