euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kulunka Teatro konpainiak Taiwanera eramango du abuztuan "André & Dorine" antzezlan arrakastatsua

2013/08/02

"André & Dorine" antzezlana.
"André & Dorine" antzezlana.

PUBLIZITATEA

Kulunka Teatro konpainia euskalduna Txinara bidaiatuko da abuztuan arrakasta polita lortzen ari den 'André & Dorine' antzezlanarekin. 2010eko urrian estreinatu zutenetik, mundu osoko 20 herrialde baino gehiagotan izan dira eta, orain, Txinara itzuliko dira, Taiwanera hain zuzen, Taipei Arts Festival jaialdiara. Alzheimerrari eta maitasunari buruzko hausnarketa hunkigarria da lana eta hitzik gabe antzezten dute aktoreek, maskarak jantzita.

Donostia-San Sebastian. Kulunka Teatro konpainia euskaldunak Taiwan (Txina) bisitatuko du abuztuaren 16tik 18ra Taipei Arts Festival jaialdian aritzeko. “André & Dorine” antzezlan arrakastatsuarekin 20 herrialde baino gehiago bisitatu dituzte honezkero: Turkia, Errusia, Argentina, Finlandia, Norvegia, AEB, Panama...

Aurretik izanak dira Txinan eta abuztuan berriz itzuliko dira. “Txinara bidaiatu ginen lehenengo aldian, ekoiztetxe batek ikusi gintuen eta bueltatzeko proposatu zigun, eta hortik kontaktu gehiago etorri zitzaizkigun, abenduko bira, adibidez”, azaldu dio Garbiñe Insausti Kulunkako aktoreak EuskalKultura.com-i. Abenduan, Txinara itzuliko dira beste behin, lau asteko bira egitera, Shanghain eta Pekinen antzezteko, besteak beste.

'André & Dorine' lanak bikote heldu baten maitasun-istorio hunkigarria kontatzen du eta emakumearen Alzheimer-ak aurrera egin ahala, horrek harreman luze honetan eragiten dituen aldaketak irudikatzen ditu. Tragikomedia kutsua du narrazioak eta ordubeteko epean ikusleei algarak zein malkoak eragiten dizkie. Hiru aktorek –Garbiñe Insausti, José Dault eta Edu Cárcamo– antzezten dute lana, maskarak jantzita, Iñaki Ricarteren zuzendaritzapean. Eta ordu osoan hitzik ez da; musika eta keinuak soilik. 

“Oso gai unibertsala da, hizkuntza unibertsalean azalduta, eta nahiz eta kultura eta bizimodu oso desberdinetako ikusleen aurrean antzeztu, berdin hunkitzen zaitu, Panaman zein Shanghain”. Horrez gain, ikuskizuna mutua izateak ate asko ireki eta mundu osoan zehar aritzeko aukera eman die.

“Nazioarteko bira hau oparia izaten ari da eta oraingo egoera beltz honetan salbagarri izaten ari zaigu”, dio Garbiñek. Momentuz, “André & Donrine”rekin jarraitzeko asmoa dute proposamenak iristen segitzen zaizkien bitartean, baina beste lan bat ere ari dira prestatzen eta bi ikuskizunekin batera arituko dira biran.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia