euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kukai konpainiak euskal dantza garaikidea erakutsi zuen Quebec-en, Montrealeko karriketan

2012/09/20

Kukaiko dantzariak Montrealen eskaini duten erakustaldi batean (argazkia QuebecEE)
Kukaiko dantzariak Montrealen eskaini duten erakustaldi batean (argazkia QuebecEE)

PUBLIZITATEA

Kukai dantza konpainia Quebec-en izan zen irailaren 11tik 14era eta Montreal hirian hainbat ikuskizun eman zituzten taldeko lau kidek. Jon Maia dantzari eta koreografoak zuzentzen du Kukai eta taldea euskal tradizioa dantza garaikideekin uztartzen eta berritzen ahalegintzen da. Quebec-era Montrealeko Festival Quartiers Danses jaialdiak gonbidatuta etorri zen taldea eta Euskaldunak Euskal Etxeko kide asko lagun izan zituzten emanaldietan (dantzarien hitzak frantsera itzultzen aritu ziren, gainera).

Montreal, Quebec. Kukai dantza konpainia Quebec-en izan berri da, Montrealeko Quartiers Danses kale jaialdian parte hartzeko, eta bisita Eskualdunak elkarteko kideekin harreman polita sortu da. Euskaldunak elkarteko presidenteak, Adelaide Daraspek, Euskalkultura.com-i azaldu dionez, Kukaikoek euskal etxera idatzi zuten orain hilabete batzuk, Montrealera etortzeko proiektuaren karira, eta harrezkero, zain izan zituzten Euskaldunak-ekoak.

Quartier Danses jaialdiko emankizunak irailaren 12, 13 eta 14ean izan ziren, eta Kukaik hainbat saio egin zituen Montrealeko kaleetan. Ikuskizunak deigarriak izan ziren oso, eta ikusleak jakinminez bildu ziren dantzariengana. Ekitaldi hauetan euskal etxeko kideak itzulpengintzan laguntzen aritu ziren, Daraspek agertu duenez.

Quebec Kukai 2012

[Kukaiko dantzariak Montrealeko karrikatan eskaini zuten emanaldi batean (argazkia QuébecEE)]

Emanaldi berezia

Jaialdian parte hartzeko bezperan, irailaren 11n, bidaia hau egin zuten Kukaiko lau dantzariek ikuskizun berezia eman zuten Ahuntsic-Cartierville auzoko kultur gunean. Euskal etxeak harreman estua du auzoko kultur gunearekin, eta ikuskizunean elkarteko kide asko izan ziren. "Oso momentu polita izan da. Lau dantzariek 'Sorbatza' ikuskizuna aurkeztu dute eta publikoaren galderei erantzun diete, Euskal Herrian dantzaren egoera, historia eta haien desmartxa aurkeztuz", agertu du Daraspek. "Euskaldunak Québec-eko kideek dituzte dantzarien hitzak frantsesera itzuli".

Dantzariak pozik agertu ziren emanaldiaren emaitzarekin. "Ekitaldia benetan oso ongi joan zen, zentzu guztietan", esan du Jon Maiak. "Jende kopurua ere oso polita izan zen, quebectar ugarirekin. Eta galdera mordoa egin zaituzten, oso interesatuak ziren. Gure aldetik emanaldi oso baikorra izan zen". 

Iturri zaharra, ur berria

Emankizunaren ostean, euskara ikasten ari den quebectar batek Artzeren hitzak erabili zituen taldearen lana eskertzeko: "Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik...". Daraspen esanetan, Euskaldunak-ek ere bere egiten du quebectar honek Kukairi buruz eta euskal kulturari buruz egin zuen hausnarketa: "ohiturak eta garaikidetasunaren arteko oreka bat aurkitzen delako, nahiz ohiturak zaharrak izan, eta herri zaharra izan, gaur egungo bizi modernoari moldatzen baigira".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia