Santiago, Txile. Kultura agenda oparoa izaten dute udaroan Txileko hiriburuak eta bere inguruko herri nagusiek eta 2025 honetan euskal artistek ere egin dute bere lekutxo bat jaialdi horietako programetan. Urtarrilaren 21etik 26ra, Kukai Dantza Konpainiak 'Cruzades' ikuskizuna aurkeztu zuen 'Teatro a Mil' jaialdiaren nazioarteko atalean. Urtarrilaren 31an eta otsailaren 1ean, berriz, 'Filtro' antzezlana aurkeztu zen 'Santiago Off' Nazioarteko Ekitaldian La dramatica errante (EH) eta Sala Verdiren (Uruguai) arteko koprodukzioa.
Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, Kukai Konpainiaren dantza ikuskizuna Santiago inguruko La Granja, La Pintana, Lo Espejo, Puente Alto eta Pedro Aguirre Cerda herrietan aurkeztu zen 'Teatro a Mil' jaialdiaren programa barruan. 'Cruzades'ek, “beren gorputzen mugimenduaren bidez hitz egiten duten bi dantzari ditu protagonista”, azaltzen dute egileek.
Nerea Vesga eta Adriana Bilbao dantzan (argazkia Fundación Teatro a mil)
Nerea Vesgak eta Adriana Bilbaok bi dantza estilo zeharo desberdin irudikatzen dituzte: euskal dantza tradizionala eta flamenkoa. Ikuskizun honetan, oholtza partekatu eta “elkarrekin hitz egiten dute eta dantzaren bidez elkar ulertzen dute, sustraien eta identitatearen arteko ezberdintasuna eragozpen ez dela; aitzitik, sustrai horiek zabaltzeko aukera bat direla adieraziz”.
'Filtro' Hego Ameriketan eta Donostian
La Dramatica Errante euskal konpainiak eta Uruguaiko Sala Verdik elkarrekin ekoiztutako antzezlan honek 1994an Montevideoko Filtro ospitalean gertatutakoa du oinarri: ETAko ustezko kide baten aldeko manifestazio jendetsu batean, espainiaratu ez zezaten, poliziaren erantzun bortitzak bi pertsona, Fernando Morroni eta Roberto Facal, hil zituen, geroztik 'Filtroko hilketa' bezala ezagutzen zen gertakari odoltsuan.
Antzezlana Montevideon bertan estreinatu zuen 2024ko abuztuan Maria Goiricelaya zuzendari bilbotarrak eta 2025 honetan bira hasi dute Santiagon. “Esperientzia bikaina izan da 'Santiago Off' delako Nazioarteko festibalean parte hartzea; La Dramática Errante gure konpainiaren eta Montevideoko Verdi Aretoaren arteko lehen koprodukzioa da eta Hego Amerikako herrialde gehiagotara bidaiatu ahal izatea espero dugu”, adierazi dio Goiricelayak EuskalKultura.eus-i.
Hego Amerikako herrialdeak bisitatu aurretik, hala ere, Euskal Herrian estreinatuko dute, martxoaren 20an eta 21ean, Donostiako Arte Eszenikoen Feriaren XXXI. edizioan. Sarrerak hemen.