euskal diaspora eta kultura
2014/07/02
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Argentinako euskaldunek Euskal Herriko dantza talde punta-puntakoa ikusteko aukera izango dute abuztuan eta iralean, Kukaik herrialde hartan egingo duen bira zabalari esker. Dantza tradizionaletik abiatuta ikuskizun garaikideak sortzen ditu taldeak, eta nazioartean izena eta ospea eskuratzen joan da azken urteotan.
Jon Maya koreografoak zuzentzen duen taldeak bi lan aurkeztuko ditu Argentinan, bertako Kultura Ministerioarekin antolatutako biran. Buenos Airesen "Komunikazioa-Inkomunikazioa" ikuskizuna izango da ikusgai, Regio Antzokian. Ttanttaka antzerki konpainiarekin elkarlanean eginiko laugarren lana da, eta taula gainean dantzari, aktore eta musikariak biltzen ditu, Mikel Laboa euskal kantari ezagunaren obrari buruzko hausnarketan. Abuztuaren 22, 23 eta 24an egingo dira emanaldiak.
Ondoren, Argentinako hainbat hirietan aurkeztuko dute "Gelajauziak" izeneko ikuskizuna. Lan hau Cesc Gelavert koreografo katalanarekin elkarlanean sortutako koreografia da. Honako hirietan ariko dira: Tucuman (abuztuak 27), Salta (abuztuak 29), Jujuy (abuztuak 31), Corrientes (irailak 3), Resistencia (irailak 4), Parana (irailak 6) eta Santa Fe (irailak 7).
GELAJAUZIAK from Kukai Dantza Konpainia on Vimeo.
Euskal etxeei gonbitea
Euskal Diasporarekin harreman estua du Kukaik, eta konpainiak atzerrian egin dituen emanaldietan sarri izan dira euskal etxeekin harremanetan. "Argentinan, adibidez, bi aldiz izan gara, Villa Mariako Euskal Aste Nazionalean eta Bahia Blancan. Hasieran euskal etxeekin lankidetzan antolatzen ziren birak, baina azken urteotan gehiago aritu gara arte eszenikoen zirkuitoan".
Hala ere, taldeak oso gogoan du Diasporak euskal dantzarekin duen harreman estua eta beti agertzen da prest eurekin lankidetzan emanaldiak edo lantegiak antolatzeko. "Quebec-en horixe egin genuen iaz, hango dantza jaialdi batek gonbidatuta joan ginen, baina beste emanaldi bat egin genuen euskal etxearekin batera".
Oraingoan ere, gonbitea luzatu nahi dio taldeak euskal komunitateari, eta birak uzten dien tartean zer edo zer antolatzeko aukerak aztertzeko gogoa agertu du Mayak. Horretarako, interesatuak jar zaitezte harremanetan konpainiarekin dantza@kukai.info helbidean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus