Buenos Aires, Argentina. Duela 27 urte sortua, Buenos Airesko Nazioarteko Jaialdia (FIBA) eskualdeko kultur ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Buenos Aires Hiriko Kultura Ministerioak antolatua, "munduko eszena Buenos Airesera ekarri eta Buenos Airesko eszena munduko eszenatoki nagusiekin lortzea” aitortzen diote helburu. Egunotan, urriaren 27ra arte, 40 proiektu nazional eta nazioarteko beste 20 baino gehiago taularatuko ditu, tartean Kukai dantza konpainiaren 'Cruzades', Jon Maya Sein dantzariak 2001ean sortutako konpainia errenteriarrarena.
'Cruzades'-ek, Jon Mayaren zuzendaritzapean, bi dantzari ditu protagonista, euren gorputzen mugimenduaren bidez taula gainean hizlari. Julen Achiaryren musikak lagun, Jon Maya, bere euskal dantzarekin, eta Adriana Bilbao, flamenko dantzaria, bakoitza bere hizkuntzarekin oholeratzen da. Jatorria partekatzen dute, biak baitatoz Euskal Herritik, tradizioak, berriz, ez, bi iturritatik edanda. Agertokian, bi dantza estilo aurkezten dituzte, sustrai komun eta, aldi berean, desberdin horri begira.
Jon Maya (Errenteria, 1977) dantzari, koreografo eta Kukai Dantza konpainiako zuzendaria da. Dantza tradizionalaren munduan trebatu zen, eta taldea sortu zuenetik hainbat estilorekin elkarreraginean ibili da. Taldeak euskal dantzan oinarritutako ikuskizun garaikideak sortzen ditu, hainbat koreograforekin lankidetzan.
Adriana Bilbao (Bilbo, 1988) dantza flamenko tradizionalenak markatutakoa da, baina bere burua berritzeko interesak beste kode koreografiko batzuekin esperimentatzera eraman du. Sortzaile eta dantzari lanaz gain, D8 Sorkuntza Faktoriarekin batera, Bilboko dantza sorkuntza lantegia kudeatzen du.
Cruzades bihar, urriaren 22an, asteartea, eta 23an, asteazkena, arratsaldeko 20etan ikusi ahal izango da Buenos Airesko Politeama Antzokian (Paraná 353, CABA). Sarrerak $6.000 balio du eta hemen eros daitezke.