euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kubako Vasco Navarra elkarteak aurtengo ekimenei 'El onceno maestro' dokumentalarekin eman die hasiera

2008/01/24

'El onceno maestro' dokumentala ikusteko Villena aretoan bildu ziren lagunak
'El onceno maestro' dokumentala ikusteko Villena aretoan bildu ziren lagunak

PUBLIZITATEA

Kubako Asociación Vasco Navarra de Beneficencia (AVNB) delako euskal elkartea buru belarri sartu da 2008ko ekimenen antolakuntzan. Elkartea berrindartzeko kultur ekitaldiak sustatzea da aurtengo ildoetako bat eta urteari hasiera emateko Octavio Cortazar zuzendariaren 'El onceno maestro' dokumentalaren emanaldia egin zuten joan den astelehenean. Elkarteko kide ugari bildu zen bertara, Cortazarrek bere familiaren sustraien bila Bizkaira eginiko bidea ikusteko.
Kubako Asociación Vasco Navarra de Beneficencia delako euskal elkarte historikoak joan den astelehenean ekin zion 2008ko jarduera programari, Octavio Cortazar zuzendariaren 'El onceno maestro' dokumentalaren emanaldiarekin. Elkarteko kideentzako emanaldi berezia izan zen eta erantzuna bikaina izan zen agertoki hartu zuen Villena aretoa gainezka egotea lortu baitzuen, Euskal Etxeko iturriek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez. Emanaldiak AVNB elkartearen eta Huron Azul Zine Dokumentalaren Garapenerako Zentroaren babesa izan zuen.

'El onceno maestro' dokumentalak Octavio Cortazar zuzendariak bere sustraien bila eginiko bidea jarraitzen du, Bizkaiko bihotzean bere arbasoen jaioterria topatu arte. Filma medio ikusleak era hunkigarri eta zirraragarrian iristen dira, Cortazarrekin batera, Kortazarrenea baserriaren atariraino. Sustraien bila eginiko bidaia honek biziki hunkitu zituen bertaratu ziren ikusleak, elkarteko lehendakari Maria Teresa Cornidek gure buletinari azaldu dionez.

Txalo zaparrada

'Emanaldia bukatu zenean eskaini zioten txalo zaparrada eta entzundako iruzkinengatik, argi dago dokumentalak harrera oso ona izan zuela, gonbidapena egiterakoan aurreikusi zirenak gaindituz. Zalantzarik gabe Euskal Herria eta Kubaren arteko harremanak ezagutu eta berreskuratzeko topagunea izan zen eta gainera Euskal Herriko paisaia ederrak ikusteko aukera izan zuten elkarteko kideek', agertu du Cornidek. Ekitaldi hau AVNBrentzat oso garrantzitsua izango den 2008 urteko lehena izan zen. 2002an, elkartearen berrindartze plana abian jarri zuten euskal kubatarrek eta aurten erronka horri aurre egiteko jarduera egitarau mardul eta oihartzuntsua osatu dute.

[Goiko irudian ekitaldian kontzertua eskaini zuten bazkide gazteak: Sorah Rionda (panderoa), Markel Nazabal (txirula) eta Xabier de la Torre (kitarra), Kepa Junkeraren 'Gaztelugatxeko Martxa' jo zuten unean (argazkia AVNB)]

Premia larriena: egoitza eskuratu eta atontzea

Urte honi begira AVNBk dituen helburuan artean premiazkoena egoitza propioa eskuratzea da. Elkarteak lokal bat erabiltzeko baimena lortu du dagoeneko Kubako agintariengandik eta hori prestatu bitartean Marti Pasealekuko 309. zenbakian dagoen aretoan egiten dituzte jarduerak. Erronka orain behin-betiko lokala atontzea da, ekitaldiak egiteko eta elkartearen ekimenetarako ikusentzunezko medio eta ordenagailuak eskuratuz. Horrela bideo emankizunak, mintzaldiak, musika kontzertuak, etab. antolatzeko aukera izango dute, María Teresa Cornidek aurreratu duenez.

Elkartearen beste helburu bat gazteen parte hartzea bultzatzea da. Dagoeneko 280 bazkide eta 'ekimenetan parte hartu nahi duten kolaboratzaile ugari' ditu, eta gazteek ekimenetan protagonismo handiagoa izatea nahi dute arduradunek. Horretarako datozen urteetan Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen trebakuntza programetan parte hartu ahal izango dute (Gaztemundu, euskara ikastaroak...), besteak beste.

Jaurlaritzak 2006ean errekonozitu zuen elkartea

AVNBk 2006ko otsailean jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren errekonozimendu ofiziala eta Euskal Etxeen zerrenda ofizialean onartua izan zen. Orain elkartea Kubako euskaldunentzat zein bisitarientzat erreferentzia puntua izan nahi du eta euskal erakunde zein Diasporako beste euskal taldeekin harremanak eta trukeak bultzatu. AVNB, berez, 1877ko otsailaren 26ean sortua izan zen. Euskal merkatari talde batek sortu zuen elkartea, 1870an hasitako ekimen dokumentatua azkenik egia bihurtuz. Elkartearen helburua euskal emigranteei laguntza material eta morala ematea zen, elkartearen estatutuetan irakur daitekeenez.

Denborarekin elkarteak arlo kulturalera zabaldu zituen bere ekintzak eta irla osoan bazkide asko eta asko izatera heldu zen. Egun 250 lagun daude elkartean, gehienbat Habana inguruko probintzietan. Horien artean Kubako kultur, kirol eta gizarteko beste arloko pertsonaia ezagunak daude. Elkarteak Kuban aritzen diren euskal jatorridun enpresekin ere harreman estua du eta enpresa hauek elkartearen ekimenei babesa eman ohi diete.

Elkarteko Zuzendaritza honokoek osatzen dute gaur egun: María Teresa Cornide, lehendakaria; Martha Acevedo Badías, lehenengo lehendakariordea; María M. Lotina Martín, bigarren lehendakariordea; Ricardo Barnet Freixas, idazkaria; Martha Egusquiza Díaz, idazkariordea; Juan Valdés Montero, diruzaina, eta José O. Incháustegui Ramos, diruzainordea.


Lotura interesgarriak

Hendaiako Gaztelu Zahar korua La Habanan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 28an

Bertsolariak eta repentista bat Habanako Aberri Egunean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia