Mintegiaren inaugurazio ekitaldian hizlari Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzat zuzendaria; ondoan, rarekin, Renato Garcia Eguskiza (Kubako EE), William Douglass (Renoko CBS) eta Ortiz Fundazioko ordezkaria (argazkia Kuba EE)
Urtea indartsu hasi du Kubako euskal komunitateak, izan ere urtarrilaren 12tik 14ra etxean hartu zuen Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiaren 11. edizioa. Habanan egin ziren jardunaldietan gai nagusia Kubako euskaldunen historia izan zen eta bertara bildu ziren Euskal Herriko; AEBetako eta Kubako hainbat historialari eta aditu. "Asociación Vasco-Navarra de Beneficiencia", Kubako euskal etxea, pozik agertu da mintegiak izan duen arrakasta dela eta.
Habana, Kuba. Euskal Herria Mugaz Gaindi Mintegiak aparteko egoitza izan du aurten: Habanako Hiri Zaharreko jauregi historiko bat, Kubako euskaldunen historiari buruz mintzatzeko leku aproposa, zalantzarik gabe. Bertan bildu ziren urtarrilaren 12tik 14ra Euskal Diasporari buruzko mintegi honetan parte hartu zuten historialari eta ikerlariak, azken mendeetan euskaldunek Kubak utzi zituzten lorratzak argitara ekartzeko prest.
Mintegiaren antolakuntzan aritu ziren Eusko Jaurlaritza, Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies gunea eta Kubako Euskal Etxea, besteak beste. Mintegia Kuba eta AEBen arteko harremanak hobetu diren unean egin zen, baina aipatu beharra dago historialari euskal-amerikarrak duela urte pare bat hasiak zirela dagoeneko Kubako euskal etxearekin lankidetzan. Horrela, Kuban izan dira aurretik William Douglass antropologoa eta John Bieter historialaria, esaterako.
Douglass bera antolatzaileen artean izan da aurten eta mintegian parte hartu du. Habanan izan da ere Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria.
Jarraian, aurtengo Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiaren argazki kronika: