Habanako Euskal Etxeak (Ongintzako Laurak Bat elkartea) bere sorreraren 138. urteurrena ospatu zuen uztailaren 12an, elkarteko bazkide eta laguntzeko festa batekin. Ekitaldia Habanako Rumbaren Jauregian egin zen eta ia 300 lagun bildu ziren bertara. Elkarteak omenaldia egin zion William Douglass antropologo amerikarrari. Douglass Renoko Center for Basque Studies-en sustatzaileetako bat izan zen eta Ameriketako euskal diasporaren aditu nagusienetakoa da.
Habana, Kuba. Kubako Euskal Etxeak bere sorreraren 138. urteurrena ospatu zuen iragan uztailaren 12an, ia 300 lagun bildu zituen festa batekin, elkarteko presidente Renato Garcia Egusquizak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Ekitaldian Septeto Habanero taldeak jo zuen eta bazkide eta lagunentzako bazkaria eman zen. Bazkideentzako festa antolatu nahi zuen elkarteak eta hori dela eta, bazkaria eurentzako doakoa izan zen, urte hauetan egindako lanarengatik esker ona adierazteko.
Musikaz gain, dokumental bat ere eskaini zuen elkarteak: "Euskal Herrian barna, Viaje a la Tierra de los Vascos" izenekoa. Ekitaldira Habanako beste emigrante-elkarteetako lagunak ere bildu ziren, hala nola Gaztela eta Leongo elkarteko presidenta, María Antonia Rabanillo; eta "Naturales de Ortigueira" elkarte galiziarreko presidente Juan Orallo eta idazkaria, Ela Mendez.
William Douglass-i omenaldia
Halarik ere, eguneko gonbidatu nagusia zalantzarik gabe, William Douglass antropologo eta euskaltzalea izan zen. Douglass Nevada-Reno Unibertsitateko irakasle emeritoa da eta Center for Basque Studies-eko sustatzaile eta sortzaileetakoa izan zen. Ameriketako euskal Diaspora ikertzen lan eskerga egindakoa da eta azken urteotan Kubako Euskal Etxearekin lankidetza estua izan du hainbat mintegi antolatzen. Hori dela eta, elkarte kubatarrak Ohorezko Bazkide izendatu zuen Douglass.
Bestalde, aipatu elkarteak bere zuzendaritza batzordea berritu egin duela eta 2020 urtera arte postuan egongo dela talde berria. Aipagarria da zenbait gazte sartu direla zuzendaritzan, elkartearen berriztapenaren ondorio. Hauek dira zuzendaritza berria osatzen dutenak:
- Presidente RENATO GARCIA EGUSQUIZA
- Presidenteorde DANIEL ARANGUREN ECHEVARRIA
- 2. Presidenteorde Ma. MARGARITA LOTINA MARTIN
- Idazkari NANCY GRANADO GONZALEZ
- Idazkariorde ESPERANZA MOLINA SALGADO
- Diruzain MARTA EGUSQUIZA DIAZ
- Ordezko diruzain REGLA ORTIZ AGUILERA
- Bokala LUIS TEJERO MARQUEZ
- Bokala ARMANDO CHAVEZ ARDANZA
- Bokala MARIO GARCIA IBARRA
- Bokala MARIA MERCEDES MENENDEZ LOTINA
- Bokala MAIDER VARELA ARTESORO
- Bokala LENIER LANDA HERRERA
- Bokala VLADIMIR ECHEVARRIA ECHEVARRIA