euskal diaspora eta kultura
2013/06/12
PUBLIZITATEA
Habana, Kuba. Habanako Ongintzako Euskal Elkartea (edo Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia, gaztelaniaz), 1877an sortu zuten Karibeko irla honetan bizi ziren euskaldunek, elkarri laguntzeko eta euren kultura mantendu eta zabaltzeko. Elkarteak hainbeste urte bizirik iraun duen arren, gorabeherak izan ditu, eta azken urteetan nortasun eta funtzionamendu krisia izan zuen, elkarteko iturrien esanetan.
Gauzak horrela, 2012ko uztailean aukeratu zen egungo zuzendaritza eta harrezkero elkartea biziberritzeko lanean dihardu. Hauek dira egungo zuzendaritzako kideak:
Bazkide berriak erakarri nahian
Elkarteak egun 370 bazkide ditu eta datozen urteetan kopuru hori handitzea da zuzendaritzaren erronketako bat. Euskal etxeak "Kubako euskaldunen ondorengo gazteentzat erreferentzia bilakatu nahi du, eta baita ere bertan lekutzen ari diren euskaldun gazte zein helduentzako", zuzendaritzaren esanetan.
Asmo horrekin, elkarteak gazteentzako jarduerak sustatuko ditu eta Euskal Herriarekin hartu-emana bultzatuko du. Era berean, elkarteak gizarte jarduerak eta topaketak areagotzeko asmoa agertu du. Azkenik, bere artxibategi historikoa gordetzen eta ezagutzera ematen jarraituko dutela azaldu dute arduradunek.
Egoitza propioa
Horrez gain, elkarteak datozen urteetan gauzatu nahi duen beste erronka nagusia zera da, egoitza egokia eskuratzea. Horretarako, Kubako legediaren baitan bi aukera daude: alogera, batetik, eta, bestetik, bazkideen bitartez egoitza erostea eta elkarteari dohaintzan ematea. "Biak ala biak ahalegin ekonomiko handia izango dira, eta Kubako erakundeen aurrean behar-beharrezkoa izango da erakustea badugula euskal agintarien sostengua", azaldu dute elkarteko iturriek.
Bestalde, elkarteak abian jarri ditu, jada, hainbat jarduera berri, hala nola euskara ikastaroak. Iaz hasi ziren, hamar bat lagunek osatutako taldearekin, eta eskola horiei jarraipena ematea de euskal etxearen asmo nagusienetako bat. Horrez gain, lantaldeak osatu dira eta lanean ari dira ekimen berriak sustatzeko gazteria, kirol, kultura eta ongintza arloetan.
Azkenik, elkarteak Kubako euskal eraikin eta gune historiko euskaldunak berreskuratzeko egitasmoa du esku artean. Gune horietako bat litzateke, adibidez Habanako Jai Alai frontoia, gaur egun egoera larrian dagoena.
Kubako Ongintzako Euskal Elkartearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, jo helbide hauetara:
-Behin-behineko helbidea: Paseo de Marti (Prado) No. 309 esquina a Virtudes. La Habana Vieja, La Habana, Cuba
-E-maila: avnb@enet.cu
-Behin-behineko tel: +(537) 862-3626
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus