euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kubako Euskal Etxea bere 140. urteurren programa ari da marrazten: Euskal zinea Argentinatik iritsiko da

2017/02/14

Renato García Egusquiza, Euskal Etxeko lehendakaria, erakundearen 138. urteurrenean
Renato García Egusquiza, Euskal Etxeko lehendakaria, erakundearen 138. urteurrenean

PUBLIZITATEA

Uztailaren 8tik 16ra bitartean ospatuko du La Habanako Euskal Etxeak bere 140. urteurrena eta nahiz eta ekintzen programa oraindik erabat itxita ez egon, baieztatuta dauden aktibitateen artean dagoeneko aipa daitezke: instituzioko kide eta lagunen arteko bilkura, Joseba Gotzonen kontzertuak eta Euskal Zine Zikloa. Euskal Zine Zikloa Buenos Airesko Zine Ibiltariaren arduradunen esku egongo da.

Habana, Kuba. Munduan zabalik dauden bi euskal etxe zaharrenak 2017 honetan iritsiko dira euren 140 urtemugara. Buenos Airesko Laurak Bat-en ospakizun programa martxoan zehar gauzatuko da; La Habanako Euskal Etxea izenarekin ere ezaguna den La Habanako Centro Vasco Navarro de Beneficencia-ren kasuan, berriz, uztailaren 8an hasi eta 16raino, erakundearen sorreraren eguneraino hain zuzen, lagunarteko bilkura batekin.

Euskal Etxeko lehendakari Renato Garcia Egusquizak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “Jaialdiaren egitaraua oraindik ez dago erabat baieztatuta, baina bai esan dezakegu orokorrean ekitaldien helburu nagusia Habanan euskal kultura ezagutaraztea izango dela". "Oso sakona da hemen euskal aztarna eta berreskuratu beharra daukagu gure euskal kultura”. "Berreskuratze hori erakundeko kideen eskutik egingo da, baina kanpoko euskal jatorrizko hainbat lagunek ere hartuko dute parte". Urteurrenaren berria zabaldu bezain laster ez dira gutxi Kubako Euskal Etxearekin harremanetan jarri direnak ospakizunean presente egoteko.

Buenos Airesko Euskal Zine Ibiltariaren arduraduna den Carlos Gabilondok, esaterako, jaiarentzako propio prestatutako ziklo bat eskainiko du Habanan. Gabilondo berak azaldu digunez, “laupabost izenburuko zerrenda aurkeztekotan gara Euskal Etxeko lagunei; asmoa da euskal zinearen ibilbidea errepasatzea (1895-2015) eta pelikuletan jorratzen diren gai nagusiak eta euskara bera ere proiektatzea. Horretarako, Kutsidazu bidea, Ixabel eta Amama pelikulak hautatu ditugu. Ez ditugu baztertuko errealitate historiko eta politikoa islatzen dutenak, eta hori oso ondo agertzen da Behiak, Loreak, Lasa eta Zabala eta Yoyes filmetan, beste batzuen artean. Argentinan egiten dugun legez, pelikula proiektatu aurretik laburmetraiak ere emango ditugu; eta emanaldia bukatuta, eztabaidak sortzeko asmoa ere badugu”.

Proiekzioen egoitza oraindik ez da finkatu baina Garcia Egusquizak jakinarazi du ahalegina egiten ari direla Zinemateka Nazional Kubatarreko aretoren bat lortze aldera. Horretaz aparte, Habanako Arte Ederren Museoko antzokia erreserbatu dute Joseba Gotzon musikariaren kontzertuentzat eta beste zenbait ekintza Euskal Etxeko behinbehineko egoitzan ere egingo dira.

Programa eguneratu ahala EuskalKultura.com-en zabalduko dugu.

Kubako euskal elkartearekin harremanetan jartzeko, idatzi hona: avnb@enet.cu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia