euskal diaspora eta kultura
2013/07/09
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Giro bikainarekin aurrera doaz egunotan Sanferminak Iruñean eta baita munduko hainbat euskal etxetan ere. Venezuelan, esaterako, Valencia-Caraboboko Euskal Etxeak ez zuen hutsik egin urteroko hitzorduarekin eta San Fermin jai ederra antolatu zuen. 1975az geroztik egiten da han festa hau eta herritar askorentzat urteko jairik alaienetakoa bilakatu da. Esan beharra dago besta euskal elkartearen egoitzan egiten bada ere, herrikide guztiei irekia dela.
Aurten ere 200 lagun inguru bildu ziren jaiara, zurigorriz jantzita, eta herri bazkarian parte hartu zuten. Ondoren, bazkalostean, bigantxak askatu eta "encerrona" deitzen dioten nobillada egin zen. Arrisku unerik ez zen falta izan, baina inork ez zuen min larririk hartu, eta arratsaldeko jai giroa aparta izan zen.
[Valencia-Caraboboko Euskal Etxearen "entzierroan" emozioa eta giro aparta izan ziren (argazkia ValenciaCaraboboEE)]
Uruguaien, Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak ere San Fermin jaia antolatu zuen eta lagun asko bildu ziren elkartearen egoitzan egin zen bazkarira. Kuban, bestalde, irlako euskaldunek zapi gorriak soinean ospatu zuten nafar santuaren eguna.
[Haize Hegoa elkarteak egin zuen San Fermin jaian parte hartu zuten bazkideak eta lagunak (argazkia HaizeHegoaEE)]
[Zapi gorria erakusten, pozarren, Kubako euskaldun taldea (argazkia Goitia)]
Azkenik, Mexikoko Euskal Etxean ere lagun asko bildu ziren elkarteak antolatu zuen jaira; horien artean giro bikaina jarri zuten gazte asko. Euskal elkarteko frontoia jendez gainezka izan zen eta asko eta asko animatu ziren San Fermineri kantatzera, Iruñean entziarroa hasi aurretik korrikalariek egiten duten bezala, santuari babes eske.
[Jendetza bildu zen Mexiko Hiriko Euskal Etxearen frontoian, San Ferminetako jaiaz gozatzeko prest (argazkia MexikoEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus