Aberri Eguna ospatzeko, aste osoa iraungo duen egitaraua antolatu du Habanako Euskal Etxeak. Iragan astelehenean elkarteko euskara ikasleak eta hainbat gonbidatu partaide izan zituen kultur elkarretaratzea egin ondoren. ekitaldiek asteazkenean eta gaur ari dira jarraitzen, tartean film emanaldiak, gastronomia hitzorduak, hitzaldiak eta festa giroko ospakizunak. Ekimenak igandean Aberri Eguneko egunpasa eta jaialdiarekin bururatuko dira Habana hirian.
Habana, Kuba. Munduko euskal etxe zaharrenetakoa da Habanakoa. 1870etan Asociación Vasco Navarra de Beneficencia de La Habana izenpean sortua --aurrekariren bat lehenagokoa irlako Matanzas hirian-- gaur egun izen hori eta bere euskarazko moldaera (Ongintzako Euskal Elkartea) Kubako Euskal Etxea izenarekin tartekatzen du. Elkarteak aldaketak izan ditu azken urteotan eta garai berri bati ekin dio Renato Garcia Eguzquizaren gidaritzapean. Aberri Eguna Habanan euskaldunek ospatu duten data esanguratsua izanik, indartu egin da azkeneko edizioetan, euskal-kubatar festa handia bilakatu arte, euskal etxetik haratago eta bi kultura eta herrialdeen senidetasunaren adierazgarri.
Aurtengoan ere, Aberri Egunaren aurreko astean Euskal Astea edo Aberri Eguneko Euskal Astea antolatu du Habanan Kubako Euskal Etxeak, oraingoan Durangoko Nazioarteko Liburu Azokari eskainia. Ekitaldi horietan gaur bertan, hitzaldia iragartzen du programak, "Euskal Sukaldaritza ezagutuz" izenburupean, arratsaldeko 4:00etatik 6:00ak arte, K. Argiñanoren Eskolako chef batek emana, elkartearen behin-behineko egoitzan, Salon de Madera aretoan.
Larunbaterako, berriz, beste hitzaldi bat proposatzen da, arratsaldeko 2:00etan, 4:00ak arte, Euskal Herriko Nekane Goikoetxea irakasleak emana "Euskal kultura atzo eta gaur" izenburupean, leku berean. Hortxe, baina hitzaldia bukatuta, Mus Txapelketa bati ekingo zaio, uharteko Athletic-en Peñak antolatuta.
Igandeak, azkenik, Euskal Astearen gailurra markatuko du, Aberri Eguna egun osoko festa eta elkarretaratze batez ospatzeko eguna. Euskal eta kubatar musika, bertsolaritza eta beste zenbait osagai bizi eta dinamiko bilduko ditu goizeko 11:30etatik arratsaldeko 6:00ak arte La Cecilia Kultur Etxean (112 e/ 3ra y 5ta Ave, Playa), tartean senidetasun bazkaria, jokoak haur eta helduentzat, emanaldiak, hitza eta topa-egiteak eta abar.
2016ko Aberri Eguneko Euskal Asteko ekitaldiak astelehenean, martxoaren 21ean, hasi ziren elkartearen euskara ikasleekin eta hainbat gonbidatuen partaidetza lagun Kubako Euskal Etxearen behin-behineko egoitzan eginiko inaugurazio hitzorduarekin. Asteazkenean segituz Nomadak TX Oreka TX fila emanez leku berean, Paseo de Martí (Prado) nº 309, bigarren solairuan.