euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kronika: 2017ko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' eta Laurak Baten 140. urteurrena

2017/03/20

BACen hasieran, Euskal Echea Ikastetxearen ikasleen desfilea
BACen hasieran, Euskal Echea Ikastetxearen ikasleen desfilea

PUBLIZITATEA

Emozio handiko euskal jai trinkoa bizi izan du pasa den asteburuan Argentinako hiriburuak. Batetik, ‘Buenos Airesek EH ospagai’ jaialdiak berriro bildutako milaka lagunak, Mayo Etorbidean, dantza eta musika, sukaldaritza, genealogia, argitalpen eta stand instituzionalen bisitari. Bestetik, atzo, Laurak Baten 140. urteurren jaiko programaren amaiera: Aste osoko egitaraua, bazkari jendetsu batez bukatu zen, gonbidatu ugariz eta euskal eta argentinar agintariak lagun.

Buenos Aires, Argentina. Beren onena eman dute dizio berri batean, seigarrenean,  Argentinako euskal diasporako kideek Buenos Aireseko Udalak sustatzen duen ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ jaialdia ondo baino hobeto atera zedin. Hitzordua hobetzen doa urtetik urte eta Hiriko bozeramaleen arabera, ‘Buenos Aires Celebra’ proiektuaren barruan gehien hazi direnetako bat da euskaldunena.

2017ko ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ joan den launbatean ospatu da eta eguerdirako guztia zegoen prest ordurako kolore gorri, berde eta gorridunez jantzia agertzen zen Mayo Etorbidean bisitariak jasotzeko. Programak eskaintza zabala eskaintzen zuen: 17 dantza talde aritu ziren tauletan eta kalean; musika emanaldiak ere arrakastatsu gauzatu ziren, besteak beste Lagun Onak abesbatzaren eta Ixilik eta Zutarriak folk taldeen eskutik. Argitalpenak, genealogia standa, eskulan eta oroigarriak, elastikoak eta bestelako opariak ere ez ziren falta izan. Janari arloan, euskal plater ugari zegoen aukeratzeko gastronomia standetan eta gai askori buruzko informazioa gune instituzionaletan.

Nobedadeak ere egon ziren: Txikia ez den bat, Nafarroako Gobernuak lehenengo aldiz jaialdi erraldoi honetan parte hartu izana, Nafarroako turismoa eta kultura saltzen zuen stand batekin; bestetik, Korrika, Euskal Herriko hasiera ofiziala baino aste pare bat lehenago, Korrikaren iragarpena eginez Buenos Airesen; eta baita ere, zergatik ez dugu esango, EuskalKultura.com-ek ipinitako standa: bai, EuskalKultura.com egiten dugunok modu berezia batean hurbildu gara aurten elkarretaratze honetara, jendearekin aurrez-aurre hitz eginez, gure eskaintza nolakoa den kontatuz eta zozketak eginez.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, Mayo Etorbidera bildutako standak bisitatu eta ekitaldiko partaide izan zen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua buru zuen ordezkaritza. Zupiriarekin batera ziren Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosur-eko ordezkaria, Ander Goyoaga Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aholkularia, eta Andoni Martin Arce Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-teknikaria. Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea ere partaide izan zen asteburuko ekitaldietan, larunbatez zein igandez, bidaia Uruguaira segitu aurretik, Uruguain ere bertako euskal gizataldearekin biltzeko.

Igandeak eman zion amaiera aste osoan zehar Laurak Bat-en 140. urteurrena ospatzeko antolatutako programari. Programa, martxoaren 13an hasia zen, astelehena, eta, izan ere, 140. urtebetetzearen eguna. Etxe barruko ekitaldi ez-jendetsu batekin, etxeko hurbilekoentzat antolatutako topa-egitea eta omenaldi batekin ospatu zuen Laurak Bat-ek. Ondoren, hurrengo egunetan, ekitaldi publikoagoak antolatu zituen. Akademikoak batzuk, hala nola Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA) asteazkenean eratutako "Migranteak, Errefuxiatuak, erbesteratuak" hizpide hartutakoa; edo ostegunean "Euskal Herri amerikarrak" aztergai hartutakoa; pilota partidak ere antolatu ziren, Laurak Bat-eko trinketean; ostiralean, Omenaldia eta aitortza Laurak Bat-i Nazioko Senatuan; eta mahai-inguru eta hitzaldia, azen hau Bingen Zupiria Kultura sailburuak emana larunbat gauean, ondoren jai eta festa giroa pil-pilean uzteko Laurak Baten egoitzako trinketean eginiko erromeriarekin.

Igandeko ekitaldiei dagokienez, Laurak Bat Euskal Etxearen egoitza izan zuten atzera gertaleku, Belgrano Etorbideko 1144a. Eguerdiz, etorkideko kale-tarte horretako trafikoa moztuta, dantza erakustaldi bat egin zen Laurak Baten egoitzaren aurrean, donostiar erako danborrada eta guzti. Ohorezko aurresku bat dantzatu zitzaion Laurak Bat-i, Arantxa Anitua lehendakaria ordezkari. Ondoren, urteurren oturuntza eta bertan, Arantxa Anitua beraren eta Bingen Zupiriaren hitzak, esker onez eta emozioz beteak bienak.

Urkullu lehendakaria ere modu berezi batean bertaratu zen ekitaldira, bere izenean Bingen Zupiriak Arantxa Anituari eskuz eman zion gutun eta opari bat medio. Gutuna oturuntzako partaideen aurrean irakurri eta astea urtebetetze tarta handi bat-en gainean ipinitako kandelari putz eginez eta Zoronak zuri kantatuz amaitu zen.

Argazki galeria osoa, bihar.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia