Arrecifes, Argentina. Lau abesbatzak osatu zuten Eusko Kultur Etxearen 25. urteurrena ospatzeko Arrecifesen egin zen Koruen Topaketaren programa: San Pedroko 'Guillermo Farabollini' Koru Polifonikoak, Baraderoko ‘Agrupacion Coral-ak’, eta Arrecifes bertako Euskaldunak Denak Bateko 'Iruki alaiak' Abesbatzak eta Gazteen Koruak. Emanaldia irailaren 24an izan zen, San Jose de los Arrecifes Parrokian, eta kontzertuaren ostean Euskal Etxean elkartu ziren kantariak afaria partekatzeko. Anfitrioien emanaldia ‘Agur Jaunak’ abestiarekin hasi zen (hona bideoa).
Erakusketa
Baina Koruen Topaketa ez zen izan EKEren urtebetetzea ospatzeko egindako ekintza bakarra. Izan ere, urriaren 1ean egurrezko eskulanen erakusketa inauguratu zen Kultur Etxean. Lanak Elva D’Angelo irakaslea buru duen ‘Iviry’ izeneko taldeko ikasleek eginak ziren, hainbat kasutan euskal gaiei lotuak. Erakusketa hasi aurretik, Lucio Echanizen ikasle izandako Ricardo ‘Bocha’ Porta artistak Echanizen olio bat oparitu zion Eusko Kultur Etxeari. Koadroa desestaltzearekin batera, Echaniz maisuaren omenez idatzitako olerki bat irakurri zuen Portak.
Erakusketaren inaugurazio ekitaldian Euskal Etxeko lehendakariorde --eta Lucio Echanizen biloba den-- Juan Lucio Echaniz Agotegaray ere mintzatu zen, elkarteko beste buruzagi batzuekin batera. Mariana Dominek, esaterako, EKEren lehenengo urteak nolakoak izan ziren kontatu zuen. Oroitarazi zuen “2016 honetan Lucio Echaniz izena daraman gure Liburutegiak ere 25 urte betetzen ditu(ela)”, eta “hori dela eta Laura Nobile liburuzainak Liburutegiak azken urte hauetan garatu dituen aktibitateei buruz ere hitz egin zuen”, adierazi digute Euskal Etxetik.
Zeremoniari amaiera emateko, oroigarri bana eskuratu zitzaien Elva D´Angelo eta ‘Bocha’ Porta-ri eta Euskal Etxearen niki bat zozketatu zen erakusketan parte hartu zuten ikasleen artean.
Aipa dezagun, bertan gogora ekarri zenez, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Baten baitan funtzionatzen duen Eusko Kultur Etxeak duela 25 urte ireki zitula ateak. “1989an eta Teresa de Zavaleta eta Potxolo Loyolaren eskutik ugaritu egin ziren kultur ekintzak Euskaldunak Denak Baten eta horrek leku egoki baten beharra nabarmendu zuen”, azaldu digute instituziotik. “Gauzak horrela, 1991ko irailaren 28an Eusko Kultur Etxea, eta bere barruan Lucio Echaniz iena hartu zuen Liburutegia inauguratu ziren. Gaur egun Eusko Kultur Etxean euskara eta dantza klaseak eskaintzen dira. Abesbatzek ere entseatzen dute bertan –‘Iruki Alaiak’ek, Gazteen Koruak eta kantu Tailerreko kideek– eta zine zikloak, hitzaldiak eta kontzertuak ere egiten dira kultur gune honetan. Liburutegiak 2.000tik gora liburu ditu eta urtetik urtera kopuru hori igotzen doa”, azaltzen dute harro ‘la Vasca’ko lagunek.