euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kortajarenak Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko 17 euskal etxe bisitaturik bukatu zuen 2009a

2010/02/24

Kortajarena Ordezkaria Paraguaiko Asunciongo Jasone Euskal Etxeko lehendakari eta batzordekideekin.
Kortajarena Ordezkaria Paraguaiko Asunciongo Jasone Euskal Etxeko lehendakari eta batzordekideekin.

PUBLIZITATEA

Izendatu berritan, Elvira Kortajarena Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Euskadiren Ordezkariak --egoitza fisikoa Buenos Airesen-- argi eta ozen esan zuen bere asmoa bere ardurapean zeuden euskal etxe eta euskal komunitate guztiak bisitatzea eta ezagutzea zela. Zinez barreiatuta eta ehundik gora izanik ere, ez zuen zalantzarik agertu horretan. Iraileko bigarren hamabostaldian izendatua, 2009a amaitu orduko lau herrialdeotako hiriburuak eta orotara 17 euskal etxe bisitatzeko astia eman dio epe horretan. 2010ean ildo berari eutsiko diola agindu du, "ehundik gora euskal etxe horiek guztiak bertatik bertara ezagutu arte", ziurtatu du. Eta orain artekoa ikusita ez zaio zalantzarik egiten. Urte bukaera arte, lau naziotako maila guztietako agintariekin, Espainiako enbaxada eta kontsulatuekin eta FEVA eta FIVU bezalako erakundeekin bildu da. Lehenengo egunean bota zuen "ni lan egitera nator" hari eusten dio doaike. Datozen lerroak Euskadiko Ordezkaritzatik beretik aipatu bidaien iazko balantze moduan helarazi dizkigute eta hala ematen ditugu.

Buenos Aires, Argentina. Postu berrira sartu eta berehala bere buruari ezarri zizkion helburuak betez, Eusko Jaurlaritzaren Mercosur-erako Ordezkariak, Elvira Kortajarenak, 2009. urtea orotara 17 euskal etxe bisitaturik bukatu zuen. Helburua 2010erako, bere ardurapeko eremuan Jaurlaritzak erregistratuta dituen gainerako 91 euskal etxeak bisitatzea da.

Iragan abenduaren 21ean, Ordezkariak Asunciongo Jasone Euskal Etxea bisitatu zuen eta aurrez aurre ezagutu ahal izan zituen Paraguai ibiak eta Pilcomayok bat egiten duten eremu hartako euskaldunen eta heien ondorengoen kezka, behar eta proiektuak.

2010 kortajarena 00

[Elvira Kortajarena Euskadiren Ordezkaria, Galo Egüez Jasone Euskal Etxeko lehendakaria, eta Mariana Satostegui, Euskadiren Ordezkaritzako teknikaria]

Paraguaiko hiriburura egindako bisitan euskal Ordezkariak euskaldunen kalea ezagutzeko atsegina hartu zuen, eta besteak beste Gustavo Beckelman zizelkariak Gernikaren ohoretan egindako eskultura, eta hiriburuak historia eta turismo aldetik dituen leku esanguratsuenak ere bisitatu zituen. Aldi berean, Espainiako Enbaxadak eleberriko 'Augusto Roa Bastos' sariaren berri ematean parte hartu zuen.

Ekialdeko kostan

Abenduan baita ere, Ordezkariak bost eguneko bira egin zuen Uruguaira eta bertako euskaldunek nola bizi diren eta nola sentitzen duten euren ahotan ezagutzeko aukera izan zuen. Ibilbidea Montevideon abiatu zen, Euskal Erria Euskal Etxea 2012an beteko duen lehenengo mendeurreneko ekitaldietan pentsatzen hasia delarik, eta kostaldeari segitu zion, Colonia Rosarioko Gure Etxea bisitatuz, Juan Lacazeko euskal etxekoekin bilduz eta baita Carmeloko Ibai Ondoko Euskal Etxekoekin ere.

2010 kortajarena 01 euskalerria

[Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean]

2010 kortajarena 03

[Coloniako Rosarioko Gure Etxean]

Ondoren, Flores departamentuko Trinidad herrira iritsi zen Kortajarena, 'Floreseko Euskal Etxea' izan zena berrabiatzen saiatzen ari den euskaldun taldeari indarrak emateko, bertako populazioaren %90a euskal jatorriko baita. Geroago Salto herriko 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxekoek izan zuten Ordezkariarekin biltzeko aukera.

2010 kortajarena 04 carmelo

[Carmeloko Ibai Ondoko Euskal Etxeko lehendakariarekin]

2010 kortajarena 05 salto

[Saltoko euskal komunitatekoekin]

Uruguaiko azkeneko txanpak San Jose hirira eta atzera Montevideora eraman zuten. Lehenengoan, Ordezkaria eta 'San Joseko Euskaldunen Taldea' izeneko talde sortu berriko kideak Juan Antonio Chiruchi alkatea bisitatzera joan ziren, erakundeak aurrera egin ahal izan dezan lursail bat lortzeko ahaleginean lagungarri. Montevideora bueltatuta, Ordezkariak bidaia Haize Hegoako kideak euren egoitzan bisitatuz bukatu zuen bira uruguaitarra.

2010 kortajarena 06 haizehegoa

[Haize Hegoako lehendakari eta lagunekin, Montevideon]

Brasilek ezin zuen huts egin bisita egitarauan, eta abenduko lehenengo egunetan Sao Pauloko euskaldunek aukera izan zuten Eusko Jaurlaritzaren eskualde osorako Ordezkaria ezagutzeko parada.

Euskal gizatalde kopurutsuena

Bisiten egitaraua urriaren azkeneko egunetan hasi zen, Ordezkariak lehenengo kontaktua izan zuenean Euskal Argentinar Erakundeen Federazioko (FEVA) agintariekin eta, egun batzuk geroago, Buenos Airesko Laurak Bat bisitatu zuenean.

Baina zalantzarik gabe euskal gizataldearekin izan zuen bilkura handiena Bahia Blancara egindako bidaian izan zen, bertako Union Vasca Euskal Etxeak 2009ko Euskal Aste Nazionala antolatu baitzuen han, Argentinan dauden 70etik gora euskal etxeen bilgarri den elkarretaratzea. Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako Zuzendari Julian Celaya ere bertaratu zen.

Buenos Airesko probintziatik atera gabe, Ordezkariak Bragado, Chacabuco, General Rodriguez eta Pergaminoko euskal etxeak bisitatu zituen. Azkenik, Argentinako bisiten egitaraua hiriburuko Juan de Garay Fundazioan eta Gure Echea euskal argentinar klubean bukatu zen.

2010 kortajarena 07 pergamino

[Pergaminoko euskal etxeko zuzendari eta lagunekin]

2010 kortajarena 08 rodriguez

[Solasean General Rodriguez-ko Eusko Aterpean]

Bragadoko Danak Anaiak-era egindako bisita Enkartur-ek (Bizkaiko Enkarterrietako Turismo elkartea da Enkartur) Argentinara egindako bidaiaren testuinguruan behar da kokatu. Bidaia horretan, Bizkaiko Ortuella herriko alkateak kooperazio hitzarmena sinatu zuen Bragadokoarekin aurrerago bi herriak senidetu daitekeela aurreikusiz, Ortuellan jaio baina Bragadon bizi izan zen Florencio Constantino tenore famatua lokarri.

2010 kortajarena 10 bragado

[Bragadon bisitari]

Chacabucon, Kortajarena Ordezkariak, Guillermo Larregui Euskal Etxeko instalazio zabalak ezagutzeaz gain, gainerako gizataldeetako kideekin elkarbanatu zituen herriko Urteroko Gizataldeen Festako ekitaldi nagusienak.

2010 kortajarena 09 chacabuco

[Kortajarena Ordezkaria Chacabucoko Euskal Etxearen atarian]

Pergamino eta General Rodriguezera egindako bisitetan, Elvira Kortajarenak Lagun Onak eta Eusko Aterpea Euskal Etxeetako protagonisten ahotik ezagutu zuen heien eskarmentua eta inguruko prentsarekin ere aritu zen solasean. Buenos Aires hirira itzulita, Gure Echeak zabaldu zizkion bere kirol instalazio garrantsitsuen ateak eta, Juan de Garay Fundazioaren bulegoak ezagutu ostean, bertako zuzendaritzakoekin partekatu zuen elkarte horrek hiriburu argentinarreko gainerako erakundeei eskaintzen dien bazkaria.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia