euskal diaspora eta kultura
2011/02/22
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Joan den otsailaren 10etik 12ra izan ziren Korrontzi taldeko kideak Marokon, Cervantes Institutuak antolatutako folk musika ziklo baten barruan hiru kontzertu eskaintzeko. Otsailaren 10ean Casablancan aritu ziren, Cervantes Institutuaren Antzokian; 11an Tanger-en, Tanger-Rif Cinematekan; eta 12an Rabateko Bahnini aretoan. "Marokon oso gutxi dakite euskal kulturari buruz eta guk gaztelaniaz elkar ulertzen genuela aprobetxatuz kantuak azaldu eta musika tresnei buruz hitz egiten genien: alboka zer den, trikitixa...", azaldu dio EuskalKultura.com-i taldeko Agus Barandiaran-ek.
"Antzokietan eta areto itxietan jo genuen, eserlekuekin, eta bete egin ziren denak". Alta, bigarren kanta jotzen hasi orduko, entzuleak zutitu eta dantzan hasten ziren, txistuka eta oihuka. "Beste kultura bat da, sekulako giroa izan dugu kontzertuetan, denak zutunik eta entregatuta", gogoratzen du Agusek, marokoarren harrera onarekin pozik.
Manifestazioak eta kontrolak
Taldeak egunotan Afrika Iparraldea eta Ekialde Hurbila sutan duen herri matxinada gertu gertutik bizitzeko aukera ere izan zuen. "Batez ere azken egunean, Rabaten. Kalean manifestazioa zegoen eta polizia asko zebilen, kontrol asko. Egoera somaezina zen eta beldur pixka bat ere pasa genuen, egia esateko".
Euskal Herrian bueltan dira orain, baina uztailean beste kontzertu bira bat egingo dute Europan zehar: Frantzian, Kroazian eta Italian ibiliko dira. Eta azaroan Brasilera eta Cabo Verdera eramango dute beraien euskal folk gaurkotua. Diaspora ezagutzeko gogoa ere badutela azaltzen du Barandiaranek eta euskal etxeei eurekin harremanetan jartzeko gonbitea egiten die.
Korrontzi taldea honakoek osatzen dute: Agus Barandiaran (trikitixa eta ahotsa), Alberto Rodriguez (gitarra eta mandolina), Kike Mora (baxua), Iker Lope de Bergara (alboka, whistles, caramillo-a, xirula, txistua, ahotsa...) eta Ander Hurtado de Saratxo (bateria eta perkusioa).
-Taldearen webgunea, hemen
-Eurekin harremanetan jartzeko, idatzi e-maila hona
Korrontziren azken lana, Oinkari dantza taldearekin batera eginiko 'Infernuko Hauspoa' da (bideoa):
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus