Bahia Blanca, Argentina. Astebete pasexe bakarrik 2024ko Euskal Aste Nazionalerako. Ekitaldia luze itxaron izan dute askok, Argentina osoko lagunekin berriz elkartzeko aukera emango baitie, eta Union Vascakoei, gainera, Euskal Etxearen 125 urteko ospakizunei amaiera egokia ematea, “soka bera”ri lotuta, urteurrenaren leloak adierazten duenez. Hitzordua Bahía Blancan, azaroaren 11tik 17ra izango da, eta Argentinako eta inguruko herrialdeetako ordezkaritza ugariren biltzaile bilakatuko da. Euskal Herriko jendearen ekarle, tartean musikariak, dantzariak, artistak, Eusko Jaurlaritzako agintariak eta EAEko, Iparraldeko eta Nafarroako erakunde politiko eta kulturaletako ordezkariak ere.
Bahia Blancako 2024ko Euskal Aste Nazionalaren leloa: "125 urte, soka bera"
Euskaditik, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izango dira, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi berri Ander Caballero eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez. Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagolak ere bat egingo du. Arlo politikoan, bertaratuko da baita ere EH Bilduko ordezkaritza bat, legebiltzarkide Edurne Benito, Madrilgo Kongresuan diputatu Marije Fullaondo eta legebiltzarkide ohi eta Diasporarako idazkari Jasone Agirre kide. EAJren aldetik, EBBren presidente Andoni Ortuzar ere espero dute bertan..
Artistak ere iritsiko dira Euskal Herritik. Aurten 20 urte ospatzen ari den Korrontzi folk taldea, Agus Barandiaran buru, estreinakoz etorriko da Argentinara, Aste Nazionaleko oholtzetan aritzeko. Horrez gain, Xabi Aburruzaga trikitilariak, Joseba Urrutia panderojotzailea lagun, Bahia Blancako kontzertu, erromeria eta kalejirak girotuko ditu bere musikarekin. EiTBk eta “Vascos por el mundo” (Euskaldunak munduan zehar) saioak ere euren talde baten presentzia ere iragarri dute.
"Harro egon gaitezke zinez festa honetako anfitrioiak izateaz, eta pozik txoratzen gaude oso egun gutxi barru elkartuko garelako. Gogor ahalegindu gara bizi dugun egoerari aurre egiteko. Prezio igoerak pairatu arren, voucherren prezioa mantendu dugu, oraindik etorri ala ez erabaki behar dutenek ere bat egin dezaten. Guztion zain gaude, besoak zabalik!”, diosku Union Vascako lehendakari Iñaki Ederrak.
- 2024ko Euskal Aste Nazionalaren Programaren bertsio eguneratua