euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrikaren 15. edizioaren bideoa eta Niko Etxart eta Hapa-Hapa taldeak konposatutako abestia aurkeztu dira

2007/02/15

15. Korrika kanta eta bideoaren aurkezpena
15. Korrika kanta eta bideoaren aurkezpena

PUBLIZITATEA

Gero eta gutxiago geratzen da Korrikaren 15. edizioari hasiera emateko, martxoaren 22an. Bitartean eta giroa berotzeko, aurtengo ediziorako kanta eta bideoa aurkeztu ditu AEK-k aste honetan. Niko Etxartek sortutako Heldu Korrikari abestiak jarriko dio aurtengo Korrikari soinu banda. Etxartek Hapa-Hapa taldeko musikariak izan ditu laguntzaile eta beraiekin batera Euskal Herriko ahots eta estilo desberdinetako abeslariak kantari: Barricada taldeko ‘El Drogas’ Enrique Villarreal, Xabaltx, Arima Beltza taldeko Jon Gurrutxaga, Dominic Earl, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba, Amaren alabak taldeko Luxi, Maider eta Graxi eta Bruno Hollemaert, besteak beste.
Edizio honetako bideoa korrikalariek egin beharko duten ibilbidean oinarrituta dago: Karrantzan hasi eta herriz-herri Iruñeraino. Bideoaren zuzendaria, Unai Iturriaga, hizkuntzak dituen pertsona gramatikalez baliatu da gidoia idazteko. Ni Beda Ajuria da, AEKn euskara eskolak ematen urte piloa daraman irakaslea. Zu, berriz, Maialen Lujanbio bertsolaria. Yaidel Martinez, Omar Bodian, Miguel Reguera, Jose Rodriguez, Pantxo Cruz eta Sally Christopher Bera dira, euskaldun jaio ez diren euskal herritarrak. Gu Amaren Alabak taldeko kantariak dira, Korrikaren kantan ere parte hartu dutenak. Zuek bideoa ikusten ari garenak gara. Eta bukatzeko Haiek, Korrikaren bideoan aurpegi gabekoak baina euskara eta euskaldunen kontrako adierazpen direnak osatzen duten multzoa.

AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak euskararen alde egin eta euskaldunen hizkuntza Euskal Herriko herri guztietan erabili dadin du helburu bi urtero antolatzen duen jai honekin. Hamar egun iraungo dituen lasterketak Balmaseda, Tuyo, Gasteiz, Bilbao, Tolosa, Lezama, Donostia edo Zumaia pasako ditu beste askoren artean, beti ere euskararen aldeko aldarrikapenaren lekukoa daramala.

Korrika mundu osoan zehar

Martxoaren 22an Europako Euskal Herrian hasiko da Korrika, baina munduko beste hainbat euskal komunitateetatik ere bilduko da jendea festa girora. Argentina edota Ameriketako Estatu Batuetako euskal etxe ugarik ere euren Korrika antolatuko dute, euskararen aldeko ekitaldien bidez. Ediziotik ediziora, gero eta Diasporako euskaldun gehiago batzen dira ekimenera. AEKko iturriek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, 'munduan zehar dauden euskaldun askok Korrika jaia antolatzeko ahalegina egiten dute eta hori oso inportantea da guretzat, Euskal Herritik kanpoko euskaldunen sostengua eta errekonozimendua dugula esan nahi baitu.'


Lotura interesgarriak

Niko Etxart eta Hapa-Hapa
Euren aurkezpena, Euskadiko Soinuak.com-en

Kanta eta bideoa
www.korrika.org/kantabideoa

Korrikaren aurtengo edizioaren ibilbidea
www.korrika.org/ibilbidea

Korrikari buruzko informazio orokorra, ekimenaren web gunean
www.korrika.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia