euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Korrika Txiki’ batek itxi zuen Llavallolen Buenos Aires hiriko Euskal Echea Eskolako 2019ko Euskal Jaia (bideo harrigarria)

2019/10/14

2019ko Euskal Jaia
2019ko Euskal Jaia

PUBLIZITATEA

Llavallol, Argentina. Mundu bat ikasle euskal dantzari-arropa eta kolorez jantzita, urteko euskal giroko festa edo ekitaldi nagusia, Euskal Jaia 2019, ospatu zuen Buenos Airesko Euskal Echea eskolak iraileko azkeneko asteburuan, hilaren 28an. Elkarretaratzea erakundearen Llavallol hiriko egoitzan izan zen eta eskola-elkarteari lotutako ikasle, irakasle, guraso, familiakide eta lagunen artean. Eguraldia lagun, dantza eta kirol erakusketa eta saioez gozatu ahal izan zuen publikoak egun osoan zehar.

Zeremoniari hasiera emateko ikasleak eta banderak sartu ziren kirol zelaira eta ondoren, Argentinako ereserkia eta Gernikako Arbola abestu zituzten bildutakoek. Segidan ‘Aurreskua’ dantzatu zuten ikasleek, Euskal Echea erakundearen bertako parte den Zaharren Egoitzako aitona-amonen omenez. Ikuskizuna bigarren hezkuntzako ikasleen ‘Zintza Dantza’rekin hasi zen; lehenengo hezkuntzako txikiek ere hartu zuten parte, hauek “ortzadar polit eta koloretsu bat osatzen”, bertako iturriek EuskalKultura.eus-i hala adierazi diotenez. Programa barruan kirol erakusketak ere egin zituzten neska-mutilek.

Sorpresa, hala ere, jaiaren bukaeran iritsi zen, ikasleek publikoa ‘Korrika Txikian’ parte hartzera gonbidatu zutenean. Gogora dezagun ‘Korrika’ Euskal Herrian bi urtean behin euskararen alde egiten den ekitaldi jakin bat dela. Llavallolen, ikasleek alegiazko bidaia bat proposatu zuten, 'korrika', Euskal Herriko hiriburuak bisitatzera gonbidatuz publikoa, bertan zazpi hiriburuetako bakoitzaren adierazgarri den festa edo elementu esanguratsu bat muntatuta, konparazio dantzak edo, Donostiaren kasuan, esaterako, danborrada dotore bat (ikus bideoa). Bukaeran, Fandango eta biribilketa batean bildu ziren ikasle, guraso eta lagunak. 

Hona bideo harrigarria. Donostia da? Gernika? Donibane Garazi? Amurrio? Lesaka? Ez, Buenos Aires probintziako Llavallol.


[Hiriburuko Euskal Echearen Euskal Jaia Llavallolen, bideo ikusgarrian]

Eguerdi aldean, janari tipikoak dastatu zituzten jaian parte hartutakoek eta arratsaldean programak beste hainbat saiorekin jarraitu zuen, tartean Eskolako abesbatzaren emanaldia, kirol erakusketak eta Pilota Federazioak eskainitako Pilota Klinika. Egun dotorea.

Argazki eta bideo gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia