euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Alkate entzun, New York euskaldun' oihuarekin heldu zen Korrika 16 Central Park-era, Eusko Etxeari esker

2009/04/07

Ruth Guimerá aktoresa lekukoarekin Central Parken Korrikaren buru (argazkiak Koitz)
Ruth Guimerá aktoresa lekukoarekin Central Parken Korrikaren buru (argazkiak Koitz)

PUBLIZITATEA

New Yorkeko euskaldunek eta euskal amerikarrek hitzordua zuten joan den asteburuan euskararen aldeko erreibindikazioa egiteko. Eta oraingoan ez zuten Euskal Herrira bidaia egin behar izan Korrikan parte hartzeko, izan ere, estrainekoz, Korrika Central Parkeraino heldu zen. Giro hotzari eta haizeari aurre eginez, euskal amerikar talde polita bildu zen eguerdian parke ezagunean euskararen aldeko lasterketan parte hartzeko prest. New Yorken ere euskara hitz egin eta bizi egiten da, ekitaldian erakutsi zuten bezala.

New York, AEB. Ruth Guimerà aktoresa bilbotarra izan zen lasterketa abiarazi zuena, “New York-en ere euskararen alde” oihuarekin. Ibilbidean zehar korrikalariek lelo ugari bota zituzten, hala nola, "ika, ika, ika, hemen dator Korrika” edo “Alkate entzun, New York euskaldun”. Parketik paseatzen ari ziren newyorkdarrak zur eta lur gelditu ziren, ea ze hizkuntzatan ari ziren galdezka. 

Partehartzaileek txandaka eraman zuten lasterketaren lekukoa, ikurrinadun adar bat. Korrikalarien artean Iban Ubarretxena eta María Kontel zientzilariak, Patxi Olabe, Eusko Etxeako presidente Itziar Albisu, bere senar Akira eta hiru seme-alabekin, Iñaki Bakedano eta Kirsten emaztea, Imanol Botxo, Luis Foncillas, Begoña Lasagabaster, Jon Cerezal, José Antonio Alcayaga eta Unai Lauzurika, izan ziren. Azken hau, Unai Lauzirika, New Yorkeko lasterketaren antolatzailea izan zen.

Korrika 16 en NY (02)

[Itziar Albisu, Eusko Etxea-ko presidentea Central Park-en egin zen Korrika 16 jaian (argazkia Koitz)]

Korrika 16 en NY (04)

[Iban Ubarretxena zientzilariak ere eraman zuen lekukoa (argazkia Koitz)]

Lasterketa ikustera eta animoak ematera joan zirenak korrikalariak baino gehiago izan ziren; euren aitzakia, nahiz eta korrika egiteko sasoia eduki ez, ez zutela une historiko hau bizitzeko aukera galdu nahi izan. Izan ere lehen aldiz heldu zen Korrika New Yorkeraino.

Zezen urdina ere korrika

New Yorken bizi den Mikel Urmenetak, Kukuxumusu sormen zuzendariak, ezin izan zuen bertan egon eta bere ordez “Mister Testis” bidali zuen, San Ferminetako zezen urdin famatua. Zezen urdinak parkean paseatzen ari zirenen jakinmina piztu zuen, batez ere haur eta gaztetxoena.

Korrika 16 en NY (03)

[Kukuxumuxu-ko zezen urdinak ere hartu zuen parte lasterketan (argazkia Koitz)]

Euskal Herritik propio etorri zen Unai Lauzirikaren gogo, lan eta energiari esker Sagar Handiko Korrika egun gutxi batzutan antolatu ahal izan zuten New Yorkeko euskaldunek. Eusko Etxea buru-belarri sartu zen antolakuntza lanetan eta emaitza, bertan izan zirenen ustez, "arrakasta borobila" izan zen.  Euskal Etxeko presidenteak datozen urteetan ere esperientzia errepikatuko dutela agindu zuen.

Mondo Difficile

Txema Montoya kazetariak gidaturiko Euskal Telebistako talde bat hirian zen joan den astean "Mondo Difficile" programarako grabaketak egiten eta eurek ere bat egin zuten ekitaldiarekin. Lasterketaren ostean parte hartzaileei hainbat elkarrizketa egin zizkieten. 

Korrika 16 en NY (01)

[New Yorkeko Korrika 16 Central Parken barrena. Ruth Guimerá aktoresak darama lekukoa (argazkia Koitz)]

Lasterketaren ostean partehartzeileek piknika egin zuten Central Park-en, besteak beste Itziar Albisuk prestaturiko tortila goxoak dastatuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia