euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika lehen aldiz heldu da Sydneyra eta Berlinera 17. edizio honetan, eta arrakastatsu gainera!

2011/04/12

Berlingo Korrika 17 Brandenburgeko Atearen aurrean abiatzeko prest (argazkia BerlinEE)
Berlingo Korrika 17 Brandenburgeko Atearen aurrean abiatzeko prest (argazkia BerlinEE)

PUBLIZITATEA

Korrika 17 joan den ostegunean abiatu zen Trebiñutik, eta pausoz pauso Euskal Herrian zehar bidea egiten ari den bitartean, Diasporako euskaldunek Korrika sinbolikoak antolatu dituzte nonnahi, munduan zehar ere euskararen aldeko oihua zabaltzeko. Aurten Korrika lehen aldiz antolatu duten bi euskal etxe Sydneyko Gure Txoko eta Berlingo Euskal Etxea izan dira. Brandenburgeko Atetik eta Sydneyko Badia ederretik datoz argazkiok. Datozen egunotan segituko dugu leku gehiagotako informazioa ematen.

Berlin, Alemania/Sydney, Australia. "Euskararen aldeko oihua Berlinen ere!" entzun zen iragan larunbatean, Berlingo Euskal Etxeko presidentea den Ainhoa Añorga Osak dioskunez. Korrika Berlinera ez ezik, Alemania osora heltzen zen lehenengo aldia zen eta euskal etxeak deiturik 150 lagundik gora bildu ziren Brandenburgeko Ate ezagunaren aurrean. "Turista eta berlindarren artean ikusmin handia sortu du Korrikak eta hauetako asko gerturatu ziren galdetzera ekitaldiaren esanahiaz", azaltzen digu Ainhoak. Ordubiak pasata abiatu zen lasterketa, megafoniadun furgoneta batek eta Korrika 17ko petoa soinean zuten elkarteko hainbat kidek gidatuta.

Lekukoaren lehenengo txanda euskal jatorrizko berlindar umeek eraman zuten. "Euskararen aldeko leloak botaz eta musikak lagundurik astiro-astiro joan zen lagun multzoa Unter den Linden kale ezagunean zehar. Friederichstraße-ra heltzean Berlingo Korrikarako beren beregi egindako egurrezko lekukoa eskuz aldatu zen eta Freie Unibertsitatean zein Euskal Etxeak antolatzen dituen euskara ikastaroetako ikasleek hartu zuten", dio Ainhoak.

berlin korrika 17

[Berlingo umeak lekukoaren lehendabiziko txanda egin zuten (argazkia BerlinEE)]

Lasterketa Humboldt Unibertsitateraino heldu eta buelta emanez Brandenburgeko Atera hasi zen atzera. "Humboldt Unibertsitatearen parean lekukoa Euskal Dantzetako ikastaroko kideek hartu zuten eta Friederichstraße parean Euskal Etxeko ordezkaritzak hartu zuen azken txanda. Pariser Platz-era heldu aurretiko metroak emozioz beteak izan ziren eta euskara zein Korrikaren aldeko oihuak indartu egin ziren", gogoratzen du euskal etxeko presidenteak.

Berlingo ume euskaldunak

Une zirraragarrienetako bat lasterketa ondorengo mezu irakurketa izan zen. Maite eta Adei izan ziren hizlari, euskal jatorriko haur berlindarrak. Testu bat irakurri zuten, euskaraz eta alemanez,  euskara bultzatzearen beharra azpimarratuz eta egun Euskal Etxeak antolatzen dituen ekimenak gogoratuz.

"Ekitaldia amaitzeko, Ingo Drostel, aspalditik Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein-Euskal Etxea Berlin-eko kidea den lagunak hitza hartu zuen, Korrikan parte hartutako guztiei eskerrak emanez eta Euskal Etxeak antolatuko dituen ekimenetan parte hartzera animatuz". Lasterketaren ondoren Euskal Etxeak antolatu zuen afarira bildu ziren korrikalariak. 

Euskal Etxeko kideak oso pozik agertu dira lehenengo Korrika honek izan duen arrakastarekin eta ekitaldi berri honek Euskal Etxera lagun berri asko erakarri dituelako.

Sydney-n ere euskalakari

Sydneyko euskaldunak ere Korrikaren deiari erantzunez bildu ziren larunbatean, Sydneyko Badia ederrean. Opera House eraikin ezaguna atzean utzita, korrika abiatu zen elkarteko kide eta lagunen taldetxo bat, Korrikaren petoekin jantzita. Ikurrina, pankarta eta euskararen aldeko oihurik ez zen falta izan  eta australiar eta turista asko zur eta lur gelditu ziren hemen ere.

 Korrika 17 Sydney (1)

[Sydneyko korrikalariak, atzean Opera House eraikin ezaguna (argazkia SydneyEE)]

Korrika 17 Sydney (2)

[Sydneyko neska-mutiko euskal australiarrek bizitzako lehen Korrika egin zuten; ziur ez dela azkena izango! (argazkia SydneyEE)]

Korrika 17 Sydney (3)

[Ikurrina Sydneyko badian (argazkia SydneyEE)]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia