euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika 19 Cancunera helduko da aurrenekoz, euskararen eta maya hizkuntzaren aldeko mezua zabalduz

2015/02/24

Cancungo Korrika 19ko afitxa
Cancungo Korrika 19ko afitxa

PUBLIZITATEA

Euskararen aldeko lasterketaren 19. edizioa Cancunera helduko da aurreneko aldiz, Mexikar hiri honetako zenbait euskaltzale eta kultur eragileei esker. Ekitaldiak ezaugarri berezia izango du, gainera; izan ere, maya hizkuntza sustatzeko eta berrindartzeko baliatu nahi dute aukera, antolatzaileen esanetan. Asmo horrekin, euskararen esperientzia ezagutaraziko dute, eredu gisa, eta, aldi berean, Korrikak jendea batzeko eta engaiatzeko duen indarra probestuko dute, mayaren aldeko mugimendua abian jartzeko.

Cancun, Mexiko. Datorren martxoaren 21ean helduko da Korrika 19 Cancunera, lasterketaren antolatzaileek EuskalKultura.com-i aditzera eman diotenez. Egiaz, lasterketa Euskal Herrian egiten da, helduen euskalduntzearen alde, baina Diasporan egitasmoaren aldeko lasterketak eta ekitaldi bereziak antolatzen dira beti. Aurten, aurrenekoz, Cancunen ere egingo da zerbait.

Hitzordua, esan bezala, martxoaren 21ean izango da, hiriko Tajamar Malekoian, arratsaldeko 16:00tan. Helburua zera da, "hizkuntza emblematiko hau bertako hizkuntzarekin, mayarekin, senidetzea", Alejandro Eguia-Lis antolakuntzako kideak azaldu duenez. "Kultur aniztasunaren arloko hainbat talde ari gara ekitaldia antolatzen, hala nola, Proyecto Cultural Tzolk'inInstituto Universitario KukulcánProducciones Alzaga, Colectivo Colectivo --tartean poeta mayak dituen idazle taldea-- eta Amnistia Internacional Cancun".

Maya hizkuntzaren egoera

Cancun Yucatan penintsulan dago eta jatorrizko biztanleria maya da. "Baina, biztanle gehienak immigranteak gara, Mexikoko beste tokietatik etorritakoak. Hori dela eta, maya nagusiki etxean hitz egiten da, nekez entzuten da kalean edo toki publikoetan", azaldu du Alejandrok. "Are okerrago, immigrante askok gutxietsi egiten dute, eta euren aurrean maya hitz egiten dutenei burla eta eraso egiten diete. Ondorioz, maya askok ez diete seme-alabei euren hizkuntza irakusten, uste dutelako horrela eskolan eta lan munduan hobe integratuko direla".

"Egoera honen aurrean maya hizkuntza babesteko, berrindartzeko eta normaltzeko ekimena abian jartzea erabaki dugu. Eta hori lortzeko eredutzat hartu ditugu beste lekuetan antzeko esperientzia izan duten duten hizkuntzak", adierazi du.

Euskara, erreferente

Euskararen esperientzia izango da, beraz, Cancunen ezagutzera emango dutena. "Korrika herritarrak engaiatzeko bide bat izatea nahi dugu, eta horren ondoren elkarrizketa mahaiak sortu, eta proposamenak egin ditzatela, beti ere bertako ezaugarriak eta egoera kontuan hartuz. Ez dugu uste euskararen kasua soluzio unibertsala denik, baina bai Korrikak jendea ekimen honetara biltzeko indarra duela".

Lasterketaren antolakuntzan AEKren laguntza izan dute eta baita, Mexikon bertan, Gurutzne Etxeberria UNAMeko euskara irakaslearena. "Duela bi urte Gurutznek eta beste batzuk Korrika 18 antolatu zuten Xochimilcon. Horrek animatu gintuen orain, 2015ean, Cancunen ere antzeko zeozer egitera", amaitu du Alejandrok.

Ikus Korrika 19rako giroa berotzeko prestatu duten bideo"teaser"-a:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia