euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika 18k nazioartean bidea egiten darrai: Mexiko, Montevideo, Santiago, Shanghai...

2013/03/20

UNAMeko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzako ikasleek eraman zuten Mexikoko Korrika 18ren lekukoa (argazkia IBilbao)
UNAMeko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzako ikasleek eraman zuten Mexikoko Korrika 18ren lekukoa (argazkia IBilbao)

PUBLIZITATEA

Jo eta ke darrai Korrika 18k Euskal Herrian zehar, eta dagoeneko ibilbidearen erdia baino gehiago bete du. Nazioartean ere martxa polita darama lasterketak, eta hainbat herrialdetako hirietan izan da jada. Mexikon, esaterako,UNAMeko euskara ikasleek eta hiriko euskaldunek Xochimilco kanaletan barrena ibilbidea egin zuten astelehenean, eta Txinan ere Shanghaiko euskal etxeak talde polita bildu zuen euskararen aldeko lasterketa egiteko. Montevideon Euskal Erria elkarteak egun osoko jai egitaraua antolatu zuen eta Txilen, Santiagoko korrikalariek ia 7 kilometrotako ibilbidea bete zuten. Bejondaizuela danoi!

Donostia-San Sebastian. Munduko hainbat puntuetik heltzen ari zaizkigu egunotan Korrika dela eta antolatutako ekitaldien argazkiak eta kronikak. Mexikon, esate baterako, iragan astelehenean UNAMeko euskara ikasleek eta hiriko hainbat euskaltzalek lasterketatxo bat antolatu zuten. Ia 50 lagun bildu ziren ekitaldira, AEKak utzitako Korrika 18ko petoak soinean, eta ibilbidetxoa egin zuten  Xochimilco Kanalak gunean. Argazkia gehiago VascosMexico.com taldearen webguneko Galerian (izena ematea doakoa da).

Korrika 18 Mexiko 1

[Mexikoko korrikalariak ikurrinarekin. Eskubian, ume bat besoetan, Gurutzne Etxeberria, UNAMeko euskara irakurlea (argazkia IBilbao)]

Korrika 18 Mexiko 2

[Mexikoko Korrika 18n parte hartu zuten lagunak, lasterketaren ostean pozarren (argazkia IBilbao)]

Shanghaitik Santiagora

Txinan, Shanghaiko Euskal Etxeko kideek Ningbo izeneko hiriko kaleetan barrena egin zuten korrikalditxoa. Hiri horretan enpresa asko daude eta horietan lan egiten duten euskaldunek ekitaldi hau antolatu nahi izan zuten, euskararen aldarria bertako kaleetara ateratzeko. Diario Vasco egunkariak lasterketaren bideo bat argitaratu du.

Korrika 18 Shanghai

[Korrikaren aldeko pankarta honekin egin zuten lasterka Txinako euskaldun hauek (argazkia AZabala)]

Txileko Santiagoko Korrika Euzko Etxeak, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Ordezkaritzak antolatu zuten, beti ere AEK-ren laguntzarekin. "Korrikan bertan 70 pertsona inguru batu ginen: Txilen lanean ari diren euskaldunak, Txilera lan bila etorri direnak, oporretan daudenak, gurasoak edo aiton-amonak euskaldunak dituzten txiletarrak, Txileko euskara irakasleak, ikasleak... baina batez ere Euskal Herriko gazteak, arrazoi bat edo beste medio Santiagon daudenak. Valparaisotik jendea etorri zen ere", azaldu digu Ordezkaritzatik Iker Aurtenetxek.

Korrikak Euskadiko Ordezkaritzan izan zuen hasiera eta, Providencia auzotik igaro ostean, Euzko Etxean bukatu zen, ia 7 kilometro burutu ondoren (ordu eta erdi gutxi gora-behera). "Musikarekin arazoak izan genituen eta azkenean txistulariak txistua jo behar izan zuen, korrikalariei ibilbidean zehar animoak emateko. Jendeak atseden hartu ondoren, Euzko Etxean manifestua irakurri zuten Txileko euskara ikasleek (Euskal Etxeetakoak nahiz unibertsitateetakoak). Ondoren herri-bazkaria hasi zen (enpanadak, patatak txorizoarekin, izozkia, kafea eta patxarana)", amaitu du Ikerrek.

 Korrika 18 Santiago

[Santiagoko korrikalariak Euskadiren ordezkaritzaren egoitza parean, lasterketa abiatu aurretik  (argazkia IAurtenetxe)]

Korrika 18 Santiago 2

[Txistuaren soinuarekin egin zituzten korrikalariek lasterketaren zazpi kilometroak. Hori da sasoia! (argazkia IAurtenetxe)]

Uruguaien Montevideoko Euskal Erria elkarteak zenbait bazkide eta lagun bildu zituen Korrika 18ren eguna ospatzeko. Egitaraua goizean hasi zen, hiriburuko hondatza ondoko pasealekuan lasterketa abiatuz. Ondoren, partehartzaileek bazkaria egin zuten euskal etxean eta, bazkalaostean, pilota partidak jokatu zituzten elkarteko frontoian.

Korrika 18 Montevideo

[Ikurrinak, eguzkia eta giro bikaina Montevideoko Korrika 18n (argazkia EuskalErria)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia