euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika 18 munduan zehar dabil dagoeneko: New York, Madril, Bartzelona, Santiago, Quebec...

2013/03/19

Elurrean ari zuen New Yorken, baina Euzko Etxea elkarteko kideak ez ziren kikildu eta Central Park-en zehar lasterka ospatu zuten Korrika 18 hirira heldua zela! (argazkia NYEE)
Elurrean ari zuen New Yorken, baina Euzko Etxea elkarteko kideak ez ziren kikildu eta Central Park-en zehar lasterka ospatu zuten Korrika 18 hirira heldua zela! (argazkia NYEE)

PUBLIZITATEA

Iragan ostegunean abiatu zen Korrika 18 Andoaindik eta asteburuan munduko hainbat herri eta hirietaraino heldu da, Diasporako euskaltzaleei esker. New York-en korrikalariak Central Park ezaguna zeharkatu zuten, euskararen aldeko leloa oihukatuz; Bartzelonan jende andana bildu zen lasterketara, euskal etxeak antolatu zuen jaiaz eta kontzertuetaz ere gozatzeko; Quebec-ek elurrari aurre egin zioten, eta Txileko Santiagon, berriz, udako eguzkia lagun korritu zuten. Hona leku horietako argazki eta irudi kronika laburra.

Donostia-San Sebastian. Abiada bizian doa AEK euskaltegiek bi urtero antolatzen duten euskararen aldeko lasterketa eta, ohi bezala, ekimenak Euskal Herri geografikoaren mugak gainditu egin ditu Diasporari esker. Munduko hainbat lekuetaraino zabaldu da 18. edizio honetan Korrika eta, aurrekoetan bezala, ekimen horien antolatzaileek gure irakurleekin partekatu nahi izan dituzte ekitaldietako argazkiak eta bideoak.

New Yorken, esaterako, Euzko Etxea elkarteko kideak Central Park ezagunean egin zuten hitzordua eta, nahiz eta elurra ari zuen, fin eutsi zioten ekimenari. Lasterketak parkea zeharkatu zuen aurreko edizioetako leloa arrakastatsua errepikatuz: "Alkate entzun, New York euskaldun!". New Yorkeko Euzko Etxea elkartea mendeurrena ospatzen ari da aurten, eta aurki, Aberri Egunean ekimen berriak burutuko dituzte. Ikus lasterketaren bideoa (eta argazki gehiago elkartearen Facebook orrian, hemen): 

 

 

Madrilen lasterketari izen oso deigarria jarri diote aurten "Korrika Txulapoa". Korrikalariak Complutense Unibertsitatetik abiatu ziren eta bidean "Espacio de las Lenguas Ibéricas" delakoan hamaiketakoa egiteko astia izan zuten. Ondoren Madrilgo erdiguneko hainbat kaletatik igaro zen lasterketa, Euskal Etxearen egoitzako helmugara iritsi arte. Ekitaldiari buruzko informazioa, argazkiak eta bideoak jarri ditu sarean Complutenseko euskara sailak, hemen.

Korrika 18 Madril

[Korrika 18 Madrilgo Plaza Nagusian, hiriaren ikurra den hartzaren estatuaren aurrean (argazkia KCAbasolo)]

Bartzelonan, aurrekoetan bezala, jende andana bildu zen oraingoan ere Korrikari ongi etorria egiteko eta euskararen irakaskuntzari babesa erakusteko. Lasterketak ibilbide polita egin zuen, Euskal Etxetik atera eta Sants auzoraino. Han, musika, elektrotxaranga, poteoa eta kontzertuak egin ziren, Euskal Etxeak antolatuta. Ekitaldiaren bideo bat, hemen

Korrika 18 BCN

[Korrika jendetsua izan zen Bartzelonakoa, irudian hiriko kaleetan barrena larunbatean (argazkia BartzelonaEE)]

Korrika 18 Txileko Santiago

[Txileko Santiagon Korrika 18 giro ederrean egin zuten (argazkia Pamela Vergara Garcia)]

Korrika 18 Quebec

[Quebec-en, aldiz, Montreal elurrarekin zuri-zuri egon arren, Euskaldunak elkartearen Korrikak ederki berotu zuen giroa (argazkia QuebecEE)]

 (segituko du)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia