euskal diaspora eta kultura
2013/03/07
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Andoainen abiatuko da datorren ostegunean Korrika 18, eta martxoaren 24a bitartean Euskal Herria zeharkatuko du, euskararen aldeko mezua zabalduz. Diasporan baina, goiztiar helduko da aurten lasterketa, izan ere, etzi egingo baita Boisen Korrika Fun Run izeneko ekitaldia.
Euzkaldunak Euskal Etxeak eta Boiseko euskara ikasleek antolatu dute lasterketatxo hau, eta aurreko edizioetan bezala hiriko kaleetan barrena ibiliko dira bertaratzen diren korrikalariak. Hamarretan abiatuko dira, bakoitza bere erritmoan, eta lasterketaren ostean bazkaria egingo dute euskal etxean, zuzeneko musikarekin girotuta.
Madril eta Bartzelona
Madrilera martxoaren 16ean helduko da Korrika 18, Euskal Etxeak, Complutense Unibertsitateak eta UNEDek antolatu duten ekitaldiari esker. Lasterketa 10:30tan hasiko da unibertsitatean, eta handik Espacio de las Lenguas Ibéricas gunera (Eloy Gonzalo, 3) joango da. Euskal Etxera 12:30tan helduko da eta Euskaltegiko neska-mutilak batuko zaizkio. Helmugan dantza eta euskal musika ekitaldi bat egingo da eta ondoren korrikalariek bazkaria egingo dute euskal etxean.
Egun horretan bertan Bartzelonan ere egingo da Korrika, Euskal Etxeak antolatuta. Han Korricursa izena du lasterketak eta ediziotik ediziora gero eta lagun gehiago biltzen du, egitarau mardularekin. Eguna euskal etxean hasiko da, gosari herrikoiarekin, ondoren lasterketa eta eguna borobiltzeko herri bazkaria, kantua eta trikipoteoa Sants auzoan. Jaia festa giroan amaituko da, kontzertu batekin: Naraina, Itziarren Semeak eta Ingo Aldeu taldeek jarriko dute musika.
Buenos Aires, Tolosa, Montevideo
Buenos Airesera ere martxoaren 16an helduko da Korrika, baina kasu honetan Korrika Kulturala. Eusko Kultur Etxeak antolatuta Claudia Giaccobe margolariaren "Euskal Emakumeak" bildumako lanak izango dira ikusgai Lizarrenea egoitzan (México 1880). Jarraian, Ekin Dantzari Taldeak erakustaldia egingo du eta ondoren bertaratzen direnek lagunarteko afaria egingo dute.
Egun berean Frantziako Tolosan Korrikaren aldeko ekitaldia egingo du bertako euskaltzale talde batek. Lasterketatxoa Capitol-etik abiatuko da, arratsaldeko 18:00tan. Uruguaien, Montevideoko euskaldunek ere hitzordua egun horretarako dute jarria: goizeko 10:00tan hasiko da lasterketa, hiriko Ramblan.
Berlin, Londres eta Necochea
Alemanian Berlingo Euskal Etxeak martxoaren 23an egingo du ekitaldia eta eguerdiko 12:00tan dute hitzordua elkarteko kideek eta laguneak, Ostbahnhof-en, aurten ere hiriko kaleetan zehar korrikalditxoa egiteko. Egun horretan bertan Londresera ere egingo du jauzi Korrikak, London Basque Society-k antolatu duen jaiari esker. Hitzordua Haggerston Road kaleko 179. zenbakian da, handik abiatuko baita lastekerta. Ondoren kalejira, trikitixa eta egun osoan zehar luzatuko den jaia iragarri ditu elkarteak.
Amaitzeko, gaurkoz, Argentinako Korrika klasiko bat aipatuko dugu: Necocheako euskal etxeak antolatzen duena (berau izan zen aitzindari, orain dela zenbait edizio). Elkarteak martxoaren 30ean egingo du jaia, horrela Aberri Eguneko ekitaldiekin batu ahalko duelako. Lasterketa goizeko hamaiketan abiatuko da, eta ondoren, gauean, afaria eta dantzaldia egingo da Euskal Etxean. Biharamunean, aldiz, Aberri Eguna ospatuko dute necocheatarrek.
Hauetxek dira datozen egunetako hitzordu batzuk, baina ez dira, inondik inora, guzti-guztiak. Aurki ekitaldi berrien datuak gehituko dizkiogu agendari. Zeurearen berrri eman ez badugu, esaiguzu, info@euskalkultura.com-era idatziz. Eta Euskal Herritik kanpo bazaude eta Korrikan parte hartu nahi baduzu, adi egon! Agian zeure etxetik gertu pasako da eta!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus