euskal diaspora eta kultura
2013/03/25
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Berlingo bidebazterrak berotzen, horrela ibili zen iragan larunbatean Korrika 18, 150 berlindar euskaltzaleren sostenguari esker. "Tenperaturak zero azpitik gradu mordoxka jaitsiko zirela iragarrita zegoen, baina txapelak eta eskularruak jaztea nahikoa izan da bi urteroko hitzordua bete ahal izateko", esan dute Berlingo EEko arduradunek.
Ibilbideak bi kilometro pasatxo izan zituen, Ostbanhof tren geltokitik Kreuzberg auzora. Euskal Etxeak deituta, zutik dirauen Berlingo Harresiaren zatiaren paretik egin zuten euskalzaleek lasterka eta ‘East Side Gallery’ ezaguna bisitatzen ari ziren turistek agurra egin diete korrikalariei, baita argazki mordoa atera ere.
Elkarteak azaldu duenez, lekukoa eraman zutenek honakoak izan ziren: Berlinen bizi diren euskaldunen seme alabak, Clash tabernako langileak, euskara ikasleak --Euskal Etxekoak eta unibertsitatekoak--, Latinokino zinema festibaleko arduradunak, Bethanien kultur etxeko kideak eta Euskal etxeko kideak. Schlesisches Tor- eko helmugara iritsita, barrenak piztu aldera porrusalda beroaz gozatu dute Korrikara hurbildu direnek, Kreuzbergeko TEK elkartean.
Mexikon gauez ere Korrika!
Mexikon aurreko astelehenean UNAMeko ikasleek eta zenbait euskaltzalek egin zuten Korrika 18 dela eta ekitalditxo bat, baina asteburuan beste bat antolatu zen Universidad Iberoamericanako irakurle Nerea Basterretxearen eskutik. Oraingoa, gainera, gauez! "Korrikarako bideo bat egitea proposatu nien ikasleei eta hor gaude, mariatxi artean, Iberoko euskara ikasleak, ikasle ohi batzuk eta lagunak", esan digu Nereak.
[Mariatxi eta guzti ospatu zuten korrika 18 Mexikoko gautxoriek! (argazkia NBasterretxea)]
"Hasierako ideia bideoa Tenampa barruan grabatzea zen, Garibaldiko taberna ospetsuan, baimena eta guzti eskatu nuen, baina ikasleekin heldu eta hara non, telenobela bat grabatzen ari zirela eta, kanpora bidali gintuzten. Plazan bertan, jende artean, mariatxiek zoro kuadrila ginela pentsatu zuten!", azaldu du.
San Frantzisko, Brno, Valentzia...
AEBetan, San Frantziskoko euskaltzale talde polita bildu zen Basque Cultural Center elkartearen deialdira, eta hiriko parke batean lasterketa eta piknika egin zuten, eguraldi bikainak lagunduta. Argazki gehiago, elkartearen Facebook orrian.
[Kaliforniako San Frantzisko Badia inguruko euskaldunen Korrika (argazkia SFBCC)]
[Valentziako kaleetan ere Korrika! (argazkia Euskaltzaleok Valentzia)]
Mediterraneo inguruan ere ibili zen Korrika 18, Valentzian esaterako, hiriko Euskaltzaleok taldeari esker. Elkarte honek deituta 60 bat lagun elkartu ziren Valentzia erdiguneko Velluters auzoan eta ttipi-ttapa euskararen aldeko mezua zabaldu zuten. Valentziera ere gogoan izan zuten korrikalariak, "En València, en valencià!" oihuekin.
"Umeak eta helduak, euskaldunok eta erdaldunak, denok elkarrekin bidezko helburu batekin: guztion hizkuntz bat errespetatzea eta babestea", azaldu dute.
Lasterketaren ostean kantuafaria egin zuten Racó de la Corbella gunean, Laurak Bat (Valentziako Centro Vasco Navarro) elkartearen lankidetzarekin. Eguneko argazkia gehiago, taldearen Facebook orrian, hemen.
[Brnoko euskara ikasleak Korrikaren alde (argazkia AMaya)]
Eta gaurko hau amaitzeko, aipatu Korrika Brno-ra ere heldu zela, Txekian, Masaryk Unibertsitateko euskara irakurletzak eta Ainara Mayak irakasleak antolatu zuen ekitaldiari esker.
Valentziako Korrika Kronika: Aspaldiko!! KORRIKA Valentziara iritsi zen behin gehiago. 18. edizioa Mediterraneoko hiri jendetsu hau euskaraz eta indarraz bainatu du. Arratsaldeko 19etan, 60 bat lagun elkartu ginen lekukoaren atzean korrika egiteko, Velluters auzotik -Valentziako erdigunean. Ttipi-Ttapa, Korrika!!! Hemen gaude euskararen alde!!!! eta En València, en valencià!!! oihuka gure kilometroa bete genuen irri batekin. Umeak eta helduak, euskaldunok eta erdaldunak, denok elkarrekin bidezko helburu batekin: guztion hizkuntz bat errespetatzea eta babestea. Amaitzerakoan, Korrikaren bideo ofiziala eta azalpen orokorra eman zen gure xedean. Gaueko 21etan kantafaria disfrutatu genuen 45 lagun Racó de la Corbella -n. Herriko produktu goxoek berriztatu ziguten indarrak, eta gogoak ongi pasatzeko. Horretarako, EUSKARAOKEarekin (mila esker, Txantxangorri) gaua segi eta amaitu genuen sekulako giro eder batean. Eskertu nahi dugu guztion agerpena, bereziki Laurak Bat (Valentziako Centro Vasco Navarro)-ena. Baita ere Racó de la Corbella-ren laguntasuna dena prestatzeagatik Mila esker guztiei!! Hurrengo arte, euskaraz bizi eta euskara elkarri ematen nonahi, gure artean, baita ere, Euskalherritik urrun. ____________________________________________________________________________ Crònica de la KORRIKA de València: Per fi!! La Korrika arribà a València una vegada més. L'edició n. 18 ha banyat aquesta ciutat bulliciosa de la Meditarrània d'euskara i de força. A les 7 de la vesprada, unes 60 persones ens varem reunir darrere del "lekuko" per a fer la Korrika, pel barri de Velluters -al centre de la ciutat. En acabar, es va presentar el vídeo oficial i una explicació general en la nostra seu d'Euskaltzaleok. Ales 9 de la nit, 45 amics disfrutarem del sopar cantat al Racó de la Corbella. Els seus productes boníssims ens retornaren les forces i les ganes de passar-ho bé. Per a això, per a passar-ho bé, seguirem i acabarem la nit amb un EUSKARAOKE (mila esker, Txantxangorri) . Algunes semblaven autèntiques professionals. Moltes gràcies a tothom!!! Fins a la pròxima, vivint en euskara i oferint-ho a tothom, on siga, també entre nosaltres, lluny d'Euskalherria.
Euskaltzaleok Valentziako Euskal Etxea, 2013/03/25 14:10
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus