euskal diaspora eta kultura
2009/03/20
PUBLIZITATEA
México DF, México. Miguel Larreguik, Mexikoko Euskal Etxeko lehendakariak, aurkeztu zituen atzo elkarteak Korrika 16 dela eta antolatu dituen ekitaldiak. Jakina denez, AEK-ren euskaltegi sareak antolatzen du euskararen aldeko lasterketa, honen bidez bere lanean jarraitu ahal izateko finantziazioaren parte bat eskuratu ahal izateko. Lasterketako kilometroak eta tarte horretan lekukoa eramateko aukera saldu egiten dira eta Euskal Herriko elkarte, enpresa eta partikularrek horrela laguntzen dute. Lasterketa ofiziala Tuteran hasiko da martxoaren 26ean eta Gasteizen bukatuko apirilaren 5ean. Tartean, Mexikotik 'igaroko' da.
Hori dela eta euskal etxeko kideek kultur ekitaldi sorta zabala prestatu dute. Lehen hitzordua asteartean, martxoaren 24ean izango da, elkarteko txokoan egingo den afari batekin ('jatea kultura da, gure gastronomia zabaldu behar dugu', dio umoretsu Larreguik). Ostiralean, Euskal Herrian lasterketa hasi eta hurrengo egunean, ekimen kulturalak izango dira nagusi euskal etxean: Amaia Garritz historialariak mintzaldia emango du, Antonio Ertze Garamendi erbesteratuaren bizitzari buruzko dokumental bat izango da ikusgai eta Lorea Palaciosek bere aitonak Mexikora heltzeko egin zuen bidaiari buruzko liburua aurkeztuko du. Egunari bukaera borobila emateko plaka oroigarri bat jarriko dute euskal etxean, baina antolatzaileek ez dute honi buruz pista gehiago eman nahi izan ('jakin nahi duena, etor dadila', diote).
Kilometroak salgai
Egun nagusia larunbata izango da, eta 13:00tan Korrika aterako da Gernikako Arbolaren kimua dagoen lekutik (Moliere eta Ciceron kaleak, Polanco auzoan). Hiriburuko kaleetan zehar ibili ostean Euskal Etxean bukatuko da lasterketa (Aristoteles 239, Polanco). Euskal etxean bazkaria eta txalaparta kontzertua egingo dira. Txikientzako euskarazko rally bat egingo da eta ezusteko gehiago ere izango dira.
Jaian parte hartu nahi duenak izena eman dezake EE-ra deituz --(55) 52504025-- edo e-maila bidaliz centrovasco@prodigy.net.mx helbidera. Antolatzaileek azaldu dutenez, enpresa edo partikularren batek kilometroren bat erosi nahiko balu, dirua AEKrentzat izango da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus