Sara, Lapurdi. Gaur ez da Idazle Biltzarrik egingo Saran. Sarako Idazleen Biltzarra, urte oroz Bazko astelehenez herri lapurtar honetan egiten dena, Koronabirusaren krisiak kaltetutako ekitaldietako bat izan da. Urtero Bazko astelehenez --eta azken urteotan, bi egunez, Bazko igande eta astelehenean-- egin izan den liburu azokak atzeratu egin du bere 37. edizioa eta atzo eta gaur egin ordez, aurten irailean eginen dela iragarri dute antolatzaileek. Edizioa ez da galduko, beraz, irailaren 6ra pasatuko baizik, oraingo egitaraua errespetatzen enseatuz, «emazteak eta euskal literatura» hizpide.
Berria egunkarian Joana Ibargaraik gogoratzen zigunez, Bazkoz prestatuta zegoen egitarauan Iratxe Retolaza Gutierrez literatur kritikariak mintzaldia ematekoa zuen Emakume ahotsak euskal literaturan izenburupean. Emazte sortzaileen kopurua handitu denez, horien lekuaz eta ekarpenaz hitz egin behar zuen, besteak beste. Hainbat aurkezpen eta hitzaldiren artetik, aipagarria da Txakur Gorria taldeak biltzarrarentzat espresuki sorturiko lan bat aurkeztu behar zuela: Asfaltoa zartatzeko moduak.
Bestalde, euskal idazle emazteen bizipenak aipatzekoak zituzten mahai inguru batean; idazle ibilbidean emazte izateak zertan eta nola eragin dien azaldu behar zuten Maddi-Ane Txoperena Iribarrenek, Marikita Tambourinek, Maddi Zubeldiak eta Maialen Hegi Lukuk, Nora Arbelbide Letek solasa animaturik.
Iraileko lehenengo igandean da, beraz, hitzordu berria, gauzak ordurako zuzentze bidean egongo direlakoan.