Boise, AEB. Azkeneko egunetan argitara eman ditugu bi bideo eta kantu bat Covid-19k munduko euskal diasporan bizi diren euskaldunek egindakoak. Gaur laugarren bertso sorta. Aurretik joan dira Rock Springs-eko (Wyoming) Martin Goicoechea eta Renoko (Nevada) Jexux Goñiri kendutako bi bideo; eta Chinoko (Kalifornia) Begoña Echeverriak egindako hitzekin Mattin Lerissak egindako kantua. Gaurkoan, Boisetik (Idaho) Todor Azurtzak egindakoak bildu ditugu, Lael Uberuaga koordinatzaile duen Euzkaldunak Euskal Etxearen maiatzeko berripaperan argitara emanak.
(Venezuelako Caracasen sortu euskalduna da Todor, Diasporako Azurtza-Sorrondegi familiako seme, sei urterekin Donostiara aldatu zen bere familia eta bertan hazi zen hogei urteak arte; eta ondotik Londresen bizi, Parisen zenbait urtez, bidaia frango harat-hunat munduan barrena, azkeneko urteetan Estatu Batuetan kokatzeko, lehenik New Yorken eta hondarreko lau urteetan Boisen, bere bikotea Idahoko euskalduna baita, Geneva Ayarra, aitatxi Nafarroako eaurtarra eta amatxi Marie urepeldarra. Han eta hemen bizi izandakoa, Donostian hazia, baina 'Diasporako euskalduna' sentitzen da gehienbat)
Hauek dira bere bertsoak:
Boisera ere iritsi zaigu koronabirus maltzurra
eta etxetan sartuta gaude ezin atera muturra
baina hau ere pasatuko da gaindituko guk gailurra
ta bitartean zuek guztiak jaso gaur nire agurra
Nahiago nuke oraintxe bertan frontoian palan jokatu
edo musean aritu eta baita gustora dantzatu
baina gehiena nahiko nukena behar dizuet kontatu
Donostian den nire amatxo nahiko nuke besarkatu
Pazko igandea gaur dugu eta aberriaren eguna
zoritxarrez guk elkarrekin gaur ezin ospatu duguna
aurki berriro izango gara elkar euskaldun laguna
ta bitartean gora bihotzak zaitu zuen osasuna.