Donostia-San Sebastian. Pixkanaka pixkanaka hasi ziren ekitaldiak bertan behera uzten eta momentuan zinez orokortuta dago --borondatez zein agintedunek hala esanda-- munduko euskal etxeen artean ekintzak eta ateak erabat ixtea. Azken egun eta orduetan hamaika izan dira herrialde guztietatik zentzu honetan gure erredakziora heldu zaizkigun abisu eta oharrak, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezinbesteko neurri gisa.
Munduan aktibo dagoen euskal etxerik zaharrena den Buenos Airesko Laurak Batetik hasita, esan dezakegu honela egiten joan direla, esaterako, Estatu Batuetako euskaldgintzan erreferente diren New Yorkeko Eusko Etxeak, Chinoko Euskal Etxeak, Renoko Euskal Liburutegiak, Boiseko Euskal Museo eta Euskal Kultur Zentrokoak... Londresko Euskal Etxetik adierazi digute berriz abisua eman arte ez direla bilduko; Australiako Sydneykoak bertan behera utzi dituzte heien aktibitate osoak; Nevadako Gardnervillen, bertan behera utzi dute bertako Mus Txapelketa, Estatu Batuetako biltzaile handiena dena...
Zer esanik ez Erromako Associazione Euskarari buruz, Pariseko Euskal Etxearen ekitaldiei, Bordaleko Euskal Etxearenei eta Bruselako Euskal Etxeak antolatutako Kalakanen kontzertuari dagokionez. Gauza bera Bartzelonako, Madrilgo, Paueko Lagunt eta Maita euskal etxe pauetarreko, Mexikoko Euskal Etxeko edota Argentinako hainbat (Saladillo, Mendoza, Cañuelas, Tandil, Macachin, La Plata, San Nicolas...) ekitaldi eta eraikin fisikoen itxierarekin. Hauek, jakin arazo digutenak. Seguruenik, gaur itxita ez daudenak ere bertan behera geratuko dira oso ordu edo egun gutxi barru.
Noiz arte, zenbat denbora? Hori, zalantzarik gabe, beste artikulu baterako gaia da.
Oharra: Honek guztiak oihartzuna dauka gure agendan. Bakarrik ipintzen dugu ekitaldi bat bertan behera geratu dela, horren berri zuzena badaukagu.