Mallorcako Artea Euskal Etxeak Euskal Herriko musika ekarri zuen Mediterraneoko uhartera iragan urriaren 14 eta 15ean, "Trobada de Musiques del Nord" izeneko festan. Ekitaldi hau antolatzen duten bigarren urtea da, eta iaz bezala, Bizkaiko Dangiliske taldea izan zuten gonbidatu nagusi, musika zelta eta galegoa egiten duten beste talde batzuekin batera. Larunbatean, 150 bat lagun jarri zituen dantzan euskal taldeak.
Palma de Mallorca, Espainia. Artea Euskal Etxeak "II Trobada de Musiques del Nord" jaialdia ospatu zuen iragan urriaren 16 eta 17an. Ekitaldiaren helburua uhartera Iparraldeko musikak ekartzea da, eta asmo horrekin Dangilisko talde euskalduna gonbidatu zuen elkarteak, beste zenbait talde eta musikarirekin batera.
Honela, ostiralarekin, urriaren 14an, kontzertua eman zuten Bunyolako plazan Dangiliske bizkaitarrek eta Talam zelta musika taldeak. Entzule dezente inguratu ziren bertara, 70 bat lagun, euskal etxetik adierazi zaigunez.
Larunbatean eguneko jarduerak eguerdian hasi ziren eta Dangiliske taldeak Fabrica kalean barrena kalejira egin zuen. "Kalejirak ez zuen arrakasta handirik izan, jendeak gauza arraro bezala ikusi baitzuen", jakinarazi dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko Eva Rodriguezek. "Hala ere, gutxienez arratsaldeko ekitaldearen publizitatea banatu genuen".
Arratsaldeko 18:30tan jaialdiaren emanaldi nagusia hasi zen Palmako Sa Feixina Plazan. Hor lau taldek jo zuten: Anaquiños (galegoak), Talamh (zeltak), Dangiliske (euskaldunak) eta Big Yuyu (Palmako musika taldea). Emanaldi honetara 150 bat lagun bildu ziren eta giro bikaina sortu zen. "Hasieratik, jauziak dantzatzeko borobila, plaza baino handiagoa zen", esan digu Eva Rodriguezek. "Antza denez, pasa den urtean Euskal Erromeriak arrakasta handia izan zuen. Hemen horrelako erromeriarik ezta girorik ere ez dute existitzen, eta erromeriaren ikuspuntu aktibo hori oso gustukoa dute".